25-12-2024 Natividad del Señor
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Gotzaitegiak egitasmo solidarioetara zuzendudau funtsaren %1
28.11.2023

Gotzaitegiak egitasmo solidarioetara zuzendudau funtsaren %1

Aurreko urteetan lez, Bilboko Gotzaitegiak munduan garatzen diharduan hainbat egitasmo solidariotara zuzendu dau Alkarkutxaren aurrekontuaren %1. Ekimena, Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko I. Egitasmoaren haritik sortu zan, dalako egitasmo horretan gizarte zuzentasunaren aldeko zenbait ekimen zehaztu zan-eta eta, besteak beste, hori honako ekintzen bidez gauzatzea proposatu: "Eleizbarrutiaren eta Eleizbarrutiko alkarte bakotxaren aurrekontuaren %0,7 Hirugarren Munduaren sustapen eta garapenerako izendatu". Proposamena eguneratu egin da eta 60.592,71 euro esleitu dira 19 egitasmorako.

Bilboko Gotzaitegiak Alkarkutxaren urteko aurrekontuaren %1 behartasun larria jasaten daben lekuetan garatzen diran egitasmoetara zuzentzen dau. “Zuzentasun eta senidetasunean” hobekuntza dakarren egitasmoak lehenesten dira eta baita beste funts batzuk banatzean kontuan hartzen ez diran, baina “eutsi beharrekoak diran” egitasmoak be.

Bikario nagusia buru dala, misinoetarako ordezkariak, karidade eta zuzentasunerako ordezkariak eta idazkari nagusiak osatzen daben batzordearen ustez, ezinbestekoa da kontu honetan Bizkaiko Eleizaren “sentiberatasuna biztea”. Batzordean azaldu zanez, “kontua ez da ekarpenak gehitzea, finantzatzeko gatxak diran errealidadeei beste iturri batzuez baliatuz laguntzea baino”. 

Funtsaren agerikotasunerako, urtean 2-3 lagun barrik esku-hartzen dau taldean, aurkeztutako egitasmoei zuzenduko jaken diru-kopurua erabakitzeko. Kasu honetan, Patxi Guerrero (Heziketarako saila) eta Dorleta Alberdi (Komunikabideetarako saila) izan dira egitasmoen aukeraketan parte hartu dabenak. 

Laguntzak 19 egitasmotarako

Batzordeak aurkeztutako 22 egitasmoak aztertu ebazan eta 3 atzera bota ebazan, funtsaren helburuetatik kanpo egotearren. Gainerako proposamenak berrikusi eta bakotxari portzentaje bat esleitu jakon (eskatutako kopuruaren %25etik gorakoa), aurrekontuko 60.592,71 euroak banatu arte.

Besteak beste, honako egitasmoei lagunduko jake Alkarkutxaren aurrekotuaren %1 horregaz: autoa erosi Venezuelako parrokia baterako; kapera eraiki Etiopian; familia-nukleoen aldeko arreta Kuban; gazte itsuen artisau-tailerrari lagundu Kongoko E.D.an; fede eta gizarteari buruzko ikastaroa Perun edo langileentzako sindikatu-heziketarako egitasmoa Togon.

Alkarkutxa, 50 urtez parrokia arteko alkartasuna sustatzen

Eleizbarrutiko Alkarkutxak Urrezko Ezteguak bete ditu aurton. 1973an sortu zan, Bilboko Gotzaitegiaren erakunde lez, eta helburu honegaz: “Gotzainen Batzarretik datozan bitartekoak, parrokien eta pastoral eskualdeen ekarpenak eta eleizgizon eta laikoen emote pertsonalak administratu. Bere eskumenen artean, abadde eta pastoral eragileei ordaintzea eta beharrizanean dagozan parrokien aldeko diru-kopuruak izendatzea dagoz, ondasunen kristau alkartearen senetik”.