22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Iñaki Garcinuño eta Iraia Iturregi, Begoñazpi ikastolaren 2023ko ‘Gazte Role Model’ sariak
14.11.2023

Iñaki Garcinuño eta Iraia Iturregi, Begoñazpi ikastolaren 2023ko ‘Gazte Role Model’ sariak

Gaur arratsaldez banatuko dira EBI Eleizbarrutiko ikastetxeen sarean dagoan Begoñazpi ikastolak urtero emoten dituan 'Gazte Role Model' sariak. Sari honek gizarte konpromisoa eta balio profesionalak autortzen ditu eta hamalaugarren ekitaldi honetan, Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohiak eta Iñaki Garcinuño enpresari eta CEBEK Bizkaiko Enpresa-konfederakundeko presidente ohiak jasoko dabez hurrenez hurren. Nestor Basterretxea bizkaitar eskultoreak sortutako oroigarri bana jasoko dabe.

Ainara Basurko Ekonomia Sustapenerako foru diputatuak, Begoña Pedrosa Hezkuntzarako Eusko Jaurlaritzako sailburuordeak, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirola arloko bilbotar zinegotziak eta On Joseba Segura Bilboko gotzainak parte hartuko dabe, besteak beste, ‘Gazte Role Model’ sari-banaketan.

Iraia Iturregi

Epaimahaiak Iraia Iturregiren (Bilbao,1985)  ibilbide pertsonal eta profesionalaren garrantzia nabarmendu dau. Iturregi izan da Athletic taldean 100 partidu jokatu dituan (guztira, 402) historiako lehenengo emakume futbolaria. Futboleko euskal selekzinoko kide, Athleticeko entrenatzaile aurten arte eta, orain, Baskoniako talde teknikoko kide. Athleticen partidu gehien jokatu dabezan emakumeen artean, hirugarrena da. Jokalari eta entrenatzaile izateaz gainera, Iturregik lizentziatura dauka Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietan eta masterra kiroleko goi errendimenduan Madrileko Unibertsitate Autonomotik. Epaimahaiak hauxe nabarmendu dau Iturregirengan: “aurrea hartzeko gaitasuna eta etorkizunera begiratzeko ahalmena, balio sendo eta argiak futbol-zelaian eta ausardia gizonezkoen eremuan emakumezkoei be lekua egiteko”.

Iñaki Garcinuño

Iñaki Garcinuño ‘Garc8nuño’ talde grafikoko presidentearen (Bilbao, 1972) kasuan, epaimahaiak bere ardura, jarduera profesionala, inguruagazko konpromisoa eta balio humanistak azpimarratu ditu. Lizentziatua da Zuzenbide Ekonomikoan eta 1996an sartu zan familiaren empresan, aurretik Banco de Vasconian jardun ebalarik. 1999an gerente bihurtu zan eta 2008an Arte grafikoen bizkaitar alkarteko presidente izendatu eben. 2009an, CEBEKeko batzorde eragileko zuzendaritza-taldeko kide bihurtu zan eta 2013an, presidente.eta 2021eraino izan da karguan.

Epaimahaikoek bere ibilbide profesionala autortu gura izan dabe, askotariko erantzukizunak bere gain hartzean erakutsitako gidaritza-senagaitik. Bere ausardia, indarra, ekintzailetzaren aldeko bultzada… baloratu izan deutsez.

Epaimahaia

Honeek osatu dabe epaimahaia: Izaskun Artetxe Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Bizkaiko Foru Aldundiko saileko idazkari tekniko ekonomikoa; Aitor Cobarena SPRIko Teknologia eta Barikuntzarako zuzendaria; Leire Bilbao Innobasqueko zuzendaria, Carolina Perez Toledo CEBEKeko presidentea; Gaspar Martinez Kultur gai eta ondasunetarako Bilboko Eleizbarrutiko arduraduna; Nerea Begoña EBI-Eleizbarrutiko ikastetxeetako zuzendari nagusia eta Merkat Bernaola Begoñazpi ikastolako zuzendaria.

Ikasleak

Sarituek euren esperientzia aurkeztuko deutse ikastolako ikasleei. Kurtsoan zehar, berbaldiak emongo dabez euren bizitzetan oinarri izan diran balioak aurkezteko, hau da, hobetzeko grina enpresa munduan zein kaltetueenen aldeko egiteko sozial eta humanitarioetan.

Iñaki Garcinuño e Iraia Iturregi