22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Juan Mari Bautista: “Oraingoz, nire lekua han dago”
16.03.2024

Juan Mari Bautista: “Oraingoz, nire lekua han dago”

Martxoaren 19a Euskal Eleizbarrutietako Misinoei lotuta dagoan eguna da. Misinoetarako ordezkaritzak hainbat jarduera antolatzen dau egun horren inguruan. Guayaquileko (Ekuador) ipar-mendebaldean dagoan Monte Sinain misiolari dan Juan Mari Bautista Eleizbarrutiko abadea bisitan da Eleizbarrutian eta, besteak beste, Misinoen kanpainan parte hartzen dihardu bere lekukotasuna emonez.  Datorren martizenez, martxoak 19, Juan Mari Ermuko Santiago Apostolua parrokian izango da 19:00etatik aurrera. 

Juan Mari Bautistak 10 urte daroaz Ekuadorren, Antzaldaketa eleizako parroko lez eta, orain, bisitalditik bueltan, aldi barriari ekingo deutso. Gaur egun parrokoa danari -ekuadortarra da- lagunduko deutso bikaritza osatzen daben 14 parrokiatan. Bautistaren esanetan, 200.000 lagun ingurugaz, “beharbada, Guayaquileko pobreena da, eta baztertuena”. Azaldu dauanez, “prest nago parrokia batera ala bestera joateko, aurrerantzeaz ez parroko lez, parrokoaren, bikarioaren edo gotzainaren esanetara baino”.

Juan Mari Bautista,

Jantokiak eta ortuak

Bautistak orain dala urte asko martxan jarritako egitasmoei jarraipena emoten ari da, esate baterako, haur-jantokiari, izan be, bere esanetan, “oinarrizkoa da, kontu erraza, umeei jateko aukera emoten jake eta laguntasuna ikasteko. Jaten emoten jake, beste barik, eta heziketa intelektualean lagundu”. Inguru haretan, eskola-porrota hedatuta dago eta hori saihesteko, jantokia ordaintzeko era ezartzen jake: etxeko lanak egin, “zergaitik? Ba horixe dalako egiteko bide bakarra. Holan, jateko aukera izateak etxeko lanak egitera behartzen ditu”. Hamalau urtetik beherako berrogeta hamar mutil eta neska inguru batzen da jantokian eta askorentzat horixe da eguneko jatordu bakarra. Gainera, hilean behin, azterketa medikua egiten jake. 

Ortuen egitasmoa be sustatzen dabe: “Kapera batek hektarea bat dau eta emakume batzuk ahaldundu egin dira eta familia-ortuak atondu dabez. Autohornikuntza eta salmenta, batez be hemen asko estimatzen daben martorriarena, baina baita azena, tomateena, letxugena, pepinoena eta frutena (banana eta mangoak)”.

Juan Mari Bautista, Joseba Segura
Juan Mari Bautista eta Bilboko gotzaina, otsailean alkartu ziranean.

Bandak

Juan Marik banda edo gaizkile-taldeen arazoaz be jardun dau. Arazo hau orokortu eta okertu egin da azkenaldian eta jokaeraz aldatzera behardu dabez. “Ordutegiak aldatu behar izan doguz, batez be arratsalde eta ilunzean, jarduera guztiak egun argiz egitera pasatu gara. Hau da, gaua, etxean giltzapean sartzeko da. Urtebete da egoera horretara heldu ginala, gure lurraldean gaizkile-talde biren arteko egundoko liskarrak biztu ziranean”.

Azaldu dauanez, inguru haretan gazte asko eta asko ikasten barik kalean dagoala da arazoa eta “bandak erakargarri dira eurentzat. Gazte-gaztetatik hasten dira eta jentilaje horrek erraz erakarten ditu. Lekua emoten deutse, drogak hartzen hasten dira eta, hortik aurrera, bandaren esklabo bihurtzen dira”.

Lanik ez egotea da beste arazo eta zailtasun larri bat. “Lana izateko, hamar kilometro edo gehiago egin behar dabez. Berez lanik ez izatean, gatxa da pizgarririk eskaintzea neska-mutilei ikasi daien”. Eraikuntzan be ez dago lanik, bakotxak bere etxea eraikitzen dau-eta: “Ez da igeltsero-lanik eskatzen. Gitxieneko lan batzuk baino ez dagoz, esate baterako jatekoen salmenta eta besterik ez”.

Zer behar daben galdetzean, Juan Marik dinoanez, diru-laguntzaz gainera, bestelako laguntasunak behar dabez, esate baterako eskolak emoteko jentearena, “eta jente horri prozesu bat egiten, ibilbide bat egiten laguntzeko prest dagozan pertsonena. Kontua ez da aurretik prestatutako egitasmoak aurkeztea, eurengandik sortzen danaz jabetzea baino. Beharrizan horretan lagundu, norbere ezagutzatik, beharrizan horretatik ataraten lagundu. Nire ustez, jenteak akonpainamendua behar dau, eurakaz egotea. Baina hain handia da inguru haretan jasaten daben bazterketa non inor ez dan eurakaz egotera hurreratzen, hori da benetako arazoa, eta kasu askotan, hurreratzen diranak probetxuren bat atarateko egiten dabe, euren ondoan egon eta prozesua egiteko, inor. Akonpainamendu hori falta dabe”.

Sinodo-sena

Juan Mariren ustez, sinodo-sena oso garrantzitsua da: “parrokian nik ez dot sekula agindu, hau da, bat eginda goaz. Antolaketa dago, jakina, eta agintea, baina gauzak era kolegiatuan egiten dira, bakotxak bere ardura hartuz. Eta ez da ezer egiten norbait zerbait horretaz arduratzen ez bada”.

Pozik dago, bere ibilbidean parrokiagaz bat eginda dagoan lagun askogaz batera jarduteko aukera izan daualako: “eleiz ikuspuntutik, zorionekoa da, parrokiak behar dauanean behar dan beste denpora eskaintzeko prest dagozan eta eskaini egiten daben pertsonak dira”.

Bide barriak

Juan Mari Bautistak urteak daroaz Misinoen aurtengo kanpainako goiburua, “Bide barriak / Nuevos caminos” gauzatzen. Beretzat, “bide barriak” eta sinodo-sena, lotuta dagoz. “Gogoan dot oinarrizko alkarteez hitz egiten zaneko sasoia eta sinodo-senagaz lotzen dot. Parrokian hori sustatzea, oinarrizko alkarteez hitz egin eta orduan egiten zana onartzea da. Aldarte eta estiloari dagokionez, ez dot aldaketa handirik somatzen neure buruarengan, gauza bera zan-eta”.

Barriro sinodo-senaz hitz egitea ezinbestekoa izan dala dino, “dana ondo egituratuta egoala pentsatuta, hainbat lekutan, sen horren guztiz kontrakoa egiten zalako”.

Horri dagokionez, pozik dagoala dino. “Egiten iztea izan da nire helburua. Nik ez dot ezer egingo zuok egiteko esaten ez badeustazue. Konturatzen nintzan, kulturaren eraginez, nire gustuko ez diran gauzak egingo ebezala, autortzen dot. Era berean, euren gauzak dirala eta nik errespetatu egin behar dodazala be autortzen dot. Lekua emon behar jake. Oso baliagarri izan da jentearengandik hurran egoteko”.

Etorkizuna

“Oraingoz, nire lekua han dago, gorputzak ‘nahiko’ esan arte, baina 74 urte beteta daukadaz”, dino Juan Mari Bautista Eleizbarrutiko abadeak. Han osasunaren kontua oso txarto dago eta Eleizbarrutiak ez dau baliabiderik. “Egunen baten, hona bueltatu beharko dot”.

Zer esango leuskiko Juan Mari Bautistak Monte Sinai lako leku batera joateko gogoa dauan norbaiti?

Lehenengo eta behin, edozeinek ezin dauala hara joan. Hara doanak argi izan behar dau bere hautua. Jesus eta bere Erreinuak esan gura dauan guztiagaitik joan behar dau. Hori argi izan ezik, hobe ez joatea. Izan be, Erreinuaren balioak transmititzera ez bagoaz, alperrik da eta hori niretzat funtsezkoa da.

Gainera, ezin da bakarrik joan, lagunduta baino. Kontua ez da joatea, bialdua izatea baino. Hau da, ni bialduta sentitu nintzan. Ni Bilboko eleiz alkarteko kide naz eta handik Eleizbarrutiak bialdu egin nauala sentitzen dot. Jainkoak bialdu nau eta Eleizbarruti osoaren babesa dot, naiz eta erabakia neurea izan. Neuk bilatu neban, baita hara joatea be. Ez nintzatekean Guayaquileko edozein lekutara joango, nire hautua, 65 urtegaz, pobreenak egozan lekura joatea izan zalako. Eta lekua bilatu egin neban. Hareen bila joateko asmoa izan behar dogu. Eta Jaunari eskatu neutsan eguneroko otoitzean. Mirari baten antzekoa izan zala esango leukie eurek, ‘Diosito lo hace’, grazia izan an eta, nahi barik nahita, han dinoen lez, nahi neban lekura iritsi nintzalako”.

Azkenik, eta niretzat funtsezkoa da, buruan inongo egitasmorik ez eroatea da, eurakaz bide egitea baino, alkarregaz “bide barriak” egiteko. Gure bideak zaharkituta be egon daitekez eurentzat. Eurek markatzen deuskue bide barria. Eta horixe da eurek itziko deutsuen arrastoa. Zuk euren bidelagun izan behar dozu sinodo-senetik alkarregaz bide egitearen ikuspuntutik. Nahitaezkoa da Jesusen eta bere balioen aldeko hautua egitea, bestela, batzuetan, gauzak nahastatu egiten dira.

Eleizbarrutietako Misinoen kanpaina: hemen

Aste honetan, Juan Marik alkarrizketa eskaini dau Radio Popular-Herri Irratian, Misinoetarako ordezkaritzako Feli Martin eta Mertxe Aguirregaz batera. Alkarrizketa osorik: hemen

Juan Mari Bautista, Feli Martin eta Mertxe Agirre Radio Popular-Herri Irratian
Juan Mari Bautista, Feli Martin eta Mertxe Agirre Radio Popular-Herri Irratian

Juan Mari Bautista