Aurton, Bake Topaketa desbardin egingo da. Eleizbarrutiko bikaritzetan saioak egingo dira, alde batetik, eta baterako ekitaldia ospatuko da Bilboko Bilborock aretoan, gazteek antolatuta. Musika izango da protagonista otsailaren 25eko ekitaldi horretan. Eleizbarrutiko aldizkarian, musika-jaialdi horretan jarduteko taldea osatu daben gazteei alkarrizketa egin jake. Bikaritza desbardinetako neska eta mutilak alkartu dira azken 50 urteotan lagun izan doguzan abestiak zuzenean interpretatu eta letren inguruan gogoeta eragiteko.
Hainbat eduki
Bilboko gotzainak Esku Elkartuak erakundearen eskutik otsailaren 11tik 15era ospatuko dan gosearen aurkako kanpainaren inguruan idatzi dauan mezua irakurri daiteke aldizkariaren hasieran. Amaia Modregok lekukotasuna emongo dau Eleizbarrutiko hainbat herritan. Alkarren Barri – Comunicación aldizkariaren agerkari digitalean jasotako alkarrizketan, misiolariak “miseriaren infernua” jasaten daben miloeka lagunengan jarri dau arreta. Amerika eta Afrikan jardun ondoren, Berrizko etxera itzuli da. Gaur egun, ortu ekologikoaren egitasmoa daukie martxan Bizkaiko Caritasegaz batera eta bertan egoera eskas eta makalean dagozan pertsonek jarduten dabe.
Eleizbarrutiko aldizkarian, betiko sailak be garatzen dira, esate baterako, gazteei eskaintzen jakena, oraingoan, Euskalerriko Eskautak mobimentua, eta hain zuzen be gehiago argitaratuko ez dan Goitibera agerkaria, nabarmenduz. Irakasleen Unibertsitate Eskola (BAM) be aitatzen da, hain zuzen be, otsailaren 7 eta 8an egingo dan ‘ate irekiak’ jarduna.
Agurrak
Agurrak be protagonista dira ale honetan. Alde batetik Carlos Garcia de Andoin Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko zuzendariak Estrella Morenori itzi deutso bere lekua eta berak beste erantzukizun batzuk hartuko ditu erakunde publikoetan.
Bestetik, Jose Mari Ziarrustak be bere kargua itzi dau, erretiroa hartu daualako. Atzo sartu zan indarrean erretiroa eta guzti horren inguruan jardun dau aldizkariari eskaini deutsan alkarrizketan.
Bilboko Eleizbarrutiari lotutako beste hainbat barri be jaso da aldizkarian, ohikoa danez. Eta ez dira falta erakunde laguntzaileen artikuluak: Labayru Fundazinoa, Eleizbarrutiko Artxiboa, Eleiz Museoa eta Liburutegia.