Esperientzia honi esker, Argizai eta Inurri taldeetako gazteek zuzentasunaren aldeko konpromisozko lekukotasunak ezagutu dabez lurralde hareetan.
Cristobal Lopez Romero Rabateko kardinalak solasean jardun eban online taldeagaz -Kongoko abadeei gogo-jardunak emoten egoan-eta-. Gehiengo musulmana dauan herrialdean Eleiza Katolikoak dauan presentziaren ingurukoak azaldu eutsezan gazteei, honeen galderei erantzuteaz batera.
Osasun- eta farmakologia-arretarako egitasmoa
Taldeak, Galdakao eta Tabira Pastoral Barrutietako alkarteetan batutako 6.000 euro emon eutsazan Mons. Cristobali. Rabateko Caritasek etorkinakaz garatzen dauan osasun- eta farmakologia-arretarako egitasmoan erabiliko dau diru hori. Hain zuzen be, eskaut taldeetako kideek, Jean Philippe Gautier egitarauaren arduradunaren eskutik, zuzenean ezagutu eben gazte horreen egoera.
Oscar Eone abadeak katedralean egin eutsan harrera taldeari eta, kardinalak azaldu eutsanaren haritik, Eleiza Katolikoak Marokon dauan presentziaren zentzua azaldu eutsen.
Iaz Asisen bizi izan eben esperientziatik ezaguna daben instituko Mariaren Misiolariak franziskotar monjek be harrera egin eutsen taldeari. Euren bokazinoaren lekukotasuna emoteaz gainera, monjek Rabaten egiten dabezan jardueren esperientziak kontatu eutsiezan.
Bitxikeria ebanjelizatzailea
Itzuleran gertatu zan. Martin hegaldi-laguntzaileen buru eta eskautak megafonia bidez eskaini eban bizi izandako esperientziaren laburpena, eta dei egin eban lagun bakotxan konpromiso eraldatzailea hartu daian. Gonzalo Eguia laguntzaileak azaldu dauanez, “bidaiari guztien txalo-zaparradak berretsi eban bestelako mundua, Jesusen estiloko mundua, posible dala”.
Rabatetik bueltan, gazteek guztiz positibotzat jo dabe esperientzia. Errealidade harek sakon interpelatu ditu eta esan dabenez, bizi izandako guztia barruratu egin gura dabe, “konpromiso pertsonal bihurtu daiten hemen eta orain”.