30-12-2024 Lunes, semana - navidad
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Misiolariek itxaropena erein gura dabe egundoko pobretasunezko soloan”
23.06.2023

“Misiolariek itxaropena erein gura dabe egundoko pobretasunezko soloan”

Juamma Jubera kazetariak Radio Popular-Herri Irratian gidatzen dauan "Diálogos" irratsaioan jardun eben atzo, "Mufungaren Adiskideak" eta "Goikuria" fundazinoetan laguntzen dauan Iñigo Iriartek eta Vicente Ferrer fundazinoko kide dan Fernando Sanchok. Iriartek Kongoko Errepublika Demokratikotik jardun eban, izan be, hantxe dago bisita egiten On Joseba Segura Bilboko gotzain eta Euskal Eleizbarrutietako Misinoetarako ordezkariagaz batera. Atzo, hain zuzen be, Likasiko Panda auzoan egozan, Goikuria fundazinoaren egitasmoak bisitatzen, Xabier Goikuria bizkaitar misiolariagaz. Irratsaioa osorik: hemen

Astelehenean iritsi ziran eta hainbat hamarkadatan jardun izan dabe euskal misiolariek orain bisitatzen diharduen lekuetan. Iñigoren esanetan, “esperientzia interesgarria bizitzen dihardugu” eta jenteak bihotzez eskertzen dau bisita, “batez be gotzainarena, normalean ez da-ta gotzainik joaten hain urrun dagozan lekuetara”. Egunotan, Alfonso Saiz Getxoko misiolariak martxan jarritakoak bisitatu dabez: “Jenteak oraindik gogoratzen dau. Lan interesgarria egin eban eskolatze kontuetan. Harek martxan jarritako egitasmoa garatzen dihardue gaur egun be, Getxoko Tourseko San Martin parrokiako talde baten eta udalaren laguntzari esker”. 

Gotzainak be jardun eban Radio Popular-Herri Irratiaren irratsaioan eta egun honeetan landa-eremuan lan egiten eta ebanjelizatzen dauan jentearen errealidadea ezagutzen dihardue. Gotzainaren esanetan, “mundu honek ez dau zerikusirik gure munduagaz. Jente gaztearen mundua, etenbako borrokaren mundua eta misiolariek itxaropena erein gura dabe egundoko pobretasunezko soloan”.

Haziak frutu ugari emon dau

Goikuriaren inguruan, hauxe esan dau gotzainak: “Xabier bere giroan dago. Hemen, jenteaz gozatzen ikusten dot, irribarretsu, eta danek asko maite dabe. Pertsonakaz eragin-truko polita dauala ikusten dot. Eraginkor jarraitzen dau eta egitasmo ugari dau eskuartean. Egundoko lana egin dau hemen hainbat zerbitzu eskainiz, batez be behartsuenentzat eta askotariko zailtasunak dabezanentzat. Neska-mutil asko eta asko dago bizi-bizirik eta dagoeneko Kongoko jentearen esku dagozan eskoletan. Ona da dalako egun baten erein zan haziak frutuak emoten diharduela ikustea eta baita Xabier berak hori ikusteko aukera izatea be”. 

Bere misinoa han eta hemen garatzen dauan mundu osoko Eleizari dagokionez, gizaldi askotan horixe izan dala euskal Eleizaren eta europar Eleizaren errealidadea esan dau Bilboko gotzainak. “Orain aldi guztiz desbardina hasten ari gara, baina hemen, euren bizia eskaini dauan makina bat lagunen lanaz gainera, euren bihotza dago. Hemengo jenteagaz hitz egitean konturatzen zara hareek itzi daben arrastoaz; hemengo jenteak gogoan ditu, eurak ezagutu eta bizilagun izan ebezan eta bihotzean txertatutako dabe hareen arrastoa”.

Iñigok Likasitik azaldu dauanez, Xabier Goikuriak han daroazan 57 urtetan martxan jarri dituan egitasmoak ezagutzen ari dira. “Ahalmen urriko jentea aurkitzen eban, inork ez eutsan jaramon egiten jente horri, eta, batzuk, laguntza apur bategaz euren bizitza berreskuratzeko moduan egozala ikusi eban berak eta laguntza hori bideratzen hasi zan. Urte askoren buruan, ahalmen-urritasunen bat daben pertsonentzako zentroak martxan jarraitzen dau. Eskola txertatuta dauan LHko ikastegi bat be badago eta 3.000 ikasle inguru dago bertan. Erizaintza eta teknika medikuen institutua be badago”.

Bisitak

Aurreko egunetan, Kansenian izan dira eta, domekaz, Bunkeyarako bidea hartuko dabe. Hemen be egon ziran euskal abadeak eta bertan hil eta hobiratu eben Xabier Ruiz de Azuaren hilobia bisitatuko dabe. “Monja karmeldar misiolariek kudeazen daben ospitalea bisitatuko dogu. Monja bat, zuzendaria, bizkaitarra da”. Handik Mufungara joango dira eta Mufungaren Adiskideak fundazinotik laguntzen dogun hainbat egitasmo bisitatuko dogu. Berrogei gazte ingururen bekak ordaintzen doguz unibertsitatean ikasi daien; neskei lehentasuna emon gura deutsegu, ikasteko aukera izan daien. Gaur egun, lagun askok dau karreraren bat eginda”.

Egitasmoak

Fundazino bien egitasmo nagusien inguruan galdetuta, Iñigok zera azaltzen dau: “Goikuria fundazinoarena, une honetan, adimen urrikoen zentroari eustea da, defizitarioa da-eta, bertara joten daben familiak oso pobreak diralako. Amaetxea eraikitzea be lehentasuna da”. Mufungaren Adiskideak fundazinoaren egitasmo nagusia, eskolatze kontuakaz jarraitzea da, “heziketa da-eta edozein herrialderen garapenaren oinarria, nork bere irizpidea izateko eta herrialdeko jente ahaltsuaren eskuetan panpinak balitzaz lez egon ez daitezan, gaur egun be gertatzen da-eta. Heziketa da guztiaren oinarria eta horretan dihardugu buru-belarri”.