22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Migrazinoetarako Pastoraltzak eta kultur anitzetako taldeek antolatu dabez gaurko ‘Bizkaia isilik’ bilkurak
26.06.2024

Migrazinoetarako Pastoraltzak eta kultur anitzetako taldeek antolatu dabez gaurko ‘Bizkaia isilik’ bilkurak

'Bizkaia isilik' bilkurak egingo dira gaur arratsaldez, "etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak salatzeko". Bilkurak 19:30etan izango dira ohiko lekuetan: Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzkiano kalean; Barakaldon, Bide Onera plazan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan; Getxon, Telletxe plazan (metroaren ondoan) eta Zornotzan, Herriko plazan. 

Ekaineko bilkuretan, hilaren 20an errefuxiatuaren eguna ospatu zala gogoratuko dabe. Antolatzaileen esanetan, “gizarte eta politika tirabirez eta gizatalderik ahulenetan egundoko eragina daben egiturazko bestelako krisiez betetako testuinguru honek derrigorrezko lekualdatzeen kopuruak, epe labur eta ertainera, herrialdeen barrualdean zein herrialde batetik bestera, nabarmen gora egingo dauala iragarten dau”.

Gaur arratsaldez, klima-aldaketak herrialde txirotuenetan eta pertsona ahulenengan dituan izugarrizko eraginak salatuko dabez. “Planetari egindako kalteek be bazterketa, pertsonen kanporatzea eta giza mobikortasuna eragiten dabez”. Azken urteetan, giza eskubideen urratze handiagoa eta, hemen eta mundu osoan, desbardintasunaren gehitzea dakarren migrazinoaren goranzko joerari gehitu behar jako testuinguru hau.

Hurrengo bilkura uztailaren 24an ospatuko da (ohikoa baino astebete aurretik).