03-05-2024 Felipe y Santiago, apóstoles
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratu eta Bizkaitar Argia hil da
17.02.2024

On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratu eta Bizkaitar Argia hil da

On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratua Bilbon hil da 90 urte ebezala. Iktusa jasan ondoren, joan dan domekaz ingresatu eben Basurtuko Zainketa Intentsiboetako Unitatean. On Joseba Segura Bilboko gotzainak, hildakoaren senideak, tartean, Andoni Gerrikaetxebarria Bilboko Eleizbarrutik bikario nagusi ohia, ondoan ebazala, gaixoen oliadura emon eutsan. Bere osasunak okerrera egin dau egunotan eta, azkenean, zapatu arratsaldeko ordu bietan hil egin da, “bizia maitatuz”, eta zelanbaiteko “errespetuz, baina bildur barik”. Bere 90. Urtebetetzea ospatzean adierazo ebanez, bizitzaren azken txanpan, “el temor es sano. El miedo no lo es. Bildurra bai, bai: ikararik ez”. Jesukristoren aldeko kartsua izan zan eta eleiz eta gizarte eredua, zerbaitegaitik izendatu eben-eta ‘Bizkaitar Argi’.

On Joan Maria Uriartek karisma eban, argia zan, sentsibilitate erlijiso sakonekoa eta eredu fededunentzat eta fedebakoentzat, bere jakituriagaitik eta etorkizun-senagaitik. Berak, bere buruarengan, “unibertsoa barne hartzen” ebala dinoe. 

Baina, bere bizitzan, gauza bat nabarmendu zan gainerako guztien gainetik: Jesukristogazko “atxikimendua”. Oso gogoko eban hori eta, bere esanetan, horrexek emoten eutsan adore “fedea bizteko eta bakea sustatzeko”

Seminarioan sartu zanean, bere bizitzako “aurkikuntzarik handiena” egin eban eta horrek “egundoko poza” ekarri eutsan. Bere bizitzako azken urteetan, “otoitz luzeari” esker egoala “sasoian” esaten eban. Baina otoitz egiteaz gaineta, gogotsu lantzen eban bizitza intelektuala be. Idatzi egiten eban, berbaldiak emon, arreta eskaintzen eutsen aholku bila joaten jakezanei, bake eta adiskidetzearen aldeko ekitaldietan parte hartzen eban… Hain zuzen be, otsailaren 3an agertu zan azkeneko aldiz jentaurrean, 1937 eta 1940 bitartean Itaka-eskolapioak ikastetxean preso egon ziran lagunen oroimenezko ekitaldian.

90. urteurreneko ospakizuna

Joan dan ekainaren 7an, Uriarte gotzainak bere bizitzako ibilbideko une batean edo bestean ondoan izan dituan pertsonakaz ospatu gura izan eban bizia. Egunari hasiera emoteko, esker oneko Eukaristia ospatu zan Begoñako basilikan eta ospakizunak Derioko seminarioa izandakoan izan eban jarraipena mahaiaren inguruan, bidelagun askogaz bazkalduz, berba eta barre artean.

Oroitzapenak eta esker ona nagusitu ziran egun haretan eta opari berezia jaso eban egun baten abade izatera bultzatu eban Bilboko gotzainaren eskutik: Fruiz jaioterriagaz zerikusia dauan eraztuna, gotzain-eraztuna ostu egin eutselako: “en Fruiz hay un capitel con una persona que mira de frente en medio de dos caballeros armados. Esto tiene muchas interpretaciones. Juan Mari mediador sería una, pero no creo que sea la más relevante. Hay otras, como, por ejemplo, Cristo Príncipe de la Paz y haciendo que los adversarios puedan dejar las armas y puedan construir algo juntos…O el trabajo que ha realizado de acompañamiento a muchas personas, esto es, la fuerza de la gracia del Evangelio de Jesús que pone dentro de cada uno esas dos fuerzas- una buena y otra no tanto- y que intenta articularlas…”. Labur-labur, Eleizaren historian arrasto sakona itzi dauan pertsonaren ezaugarriak batzeko era izan zan.

Fededun bizitzaren zertzeladak

Bere larogeta hamargarren urteurreneko ospakizunean egin eban homilian, bizkaitar gotzainak bere fededun ibilbideko une gogoangarriak errepasatu ebazan. Erlejino esnatze goiztiarra izan eban, bere esanetan, horretarako “aproposa zan gizarte eta familia giroan”. Beranduago, pubertarora iritzi zanean izan ebazan zalantzak be aitatu ebazan edo bere “idealismoa” seminarioan sartzean, bertan, “beranduago, beranduegi” behartsuenganako sentiberatasuna sortu jakolarik

Kristoganako sugarra ez da moteldu nire zahartzaroan ere. Ezta bereganako eraspena askori adiorazotzeko gogoa ere

Lovaina eta Parisera psikologia ikastera joan zan sasoia be aitatu eban. Orduan agertu jakozan barriro bere fedearen “benetakotasunari” buruzko zalantzak. Hasieran, zalantza horreek “bere onetik atara” ebela autortu eban, baina, bero fede “araztu eta bizia” sortu jakola barriro.

Berrogeta hiru urte ebazala gotzain izendatu eben eta “bihotz-bihotzez” jardun eban egiteko horretan, baina, lehenengotan, “larregizko estutasunaz”. Autortu ebanez, apezpikualdian “makina bat poz espiritual eta pastoral” bizi izan eban, baina baita “nahigabe ugari” be

Gotzain izan zan aldian, askori lagundu eutsan eta, autortu ebanez, beste batzuei “sufriarazo” egin eutsen eta horreei parkamena eskatu eutsen danen aurrean. 

Erretiroa hartu ondoren, “nire bizitzako Jaunagazko behin betiko Bategite Handirako” prestatzea hartu eban bere bizitzako azken txanparako helburu nagusitzat. Eta horretan igaro dau aldi hau, esker onez, “laburragoa izango zala” pentsatzen ebalako.

Azken hamarkada

Azken urteetan, akonpainamendua eskaini deutse abade eta erlijiosoei, zerbitzu espiritual eta pastorala emonez. Espainiako Eleizbarruti guztietan izan da eta sarritan joan zan Portugal eta Erromara be. Berak kontatzen ebanez, 15 bider zeharkatu eban ozeanoa Hego Amerikako Eleizak zerbitzatzeko. Hainbat liburu argitaratu eban, “gure Eleizaren eta gertuko eta urrineko gizadiaren” nondik norakoaz jarduteko

Bere urteurrenaren ospakizunean, Paulok Tesalonikarrei esan eutsezan berbek biziki kontsolatzen ebela esan eban: “Jaunarekin betirako izango gara”. Oihartzuna dau gaur be homiliaren azkenean egin eban otoitzak: “Hartu, Jauna, nire heriotza eta Berbizkunde bihurtu eizu”.

Autorpenak

Bere biografia zabalean, On Joan Maria Uriartek hainbat autorpen jaso dau Eleizaren eskutik zein beste hainbat erakunde publikotik be. 2010ean, ‘Bizkaitar Argia’ izendatu eben, “Lurralde Historikoa eta bere balioak sustatzen laguntzeagaitik”. 2018an, Begoñazpi ikastolak ‘Gazte Role Model’ sari solidarioa emon eutsan eta 2021ean, ‘Carmelo Etxenagusia Ohorezko Aitamena’ jaso eban, “Bizkaiko Eleizan, baketzearen alde eta fedearen arloan eta kultur sustapenean egindako lanagaitik”

Gizon konprometitua izan zan euskeragaz, kulturagaz, heziketagaz eta komunikabideakaz eta “tankera barriko Caritas” sustatu eban erabaki handiz. Labayru Institutua (gaur Labayru Fundazinoa) sustatu eban, Radio Popular-Herri Irratiaren alde egin eban, Bizkaia Irratiaren sorrera ahalbideratu eban eta Eleizbarrutiko ikastetxeen barrikuntza sakona bultzatu eban eta baita BAM Irakasleen Unibertsitate Eskola be. Gazteek, abadegaiek, abadeek…, sasoi askotako jenteak jaso ditu bere heziketan eta laguntasuna etaguztiei lagundu deutse bizitzei zentzuna emon eta gizarte sano eta etikoaren eragile izan daitezan. 

Biografia

On Joan Maria Uriarte gotzaina Fruizen jaio zan 1933.eko ekainaren 7an eta 1957.eko uztailaren 28an abade egin zan.

Teologian lizentziatu zan Comillaseko Pontifize Unibertsitatetik eta Psikologian Lovainako Unibertsitatetik. Hezitzaile izan zan Bilboko Seminario Txikian eta zuzendari espirituala Bilboko Seminario Nagusian (1963-70). Gero, hezitzaile izango zan bertan (1968-70) eta, azkenik, Lovaina eta Parisetik bueltan, Errektore (1974-1976).

1976.eko irailaren 17an Bilboko gotzain laguntzaile izendatu eben eta urte bereko urriaren 11an gotzain sagaratu eben. Bilboko Eleizbarrutiko administratzaile apostoliko izan zan On Antonio Añoverosek 1978.eko irailaren 25ean karguari uko egin egutsanetik 1979.eko otsailaren 16an On Luis Maria Larrea gotzain izendatu eben arte. Beste hamabi urtez Bilboko gotzain laguntzaile izan zan, 1991ean Zamorako gotzain izendatu eben arte.

2000.eko urtarrilaren 13an Donostiako gotzain izendatu eta On Joan Maria Setienen lekua hartu eban. Urte bereko otsailaren 27an jabetu zan karguaz eta 2020era arte egon zan Donostiako Eleizbarrutian. Xede kanonikoak betez, karguari uko egin eutsan Aita Santuaren aurrean 2008an eta 2010ean eskaria onartu ondoren, erretiroa hartu eban Donostiako gotzain lez.

On Joan Maria Uriartek Gotzainen Sinodoaren Europarako II. Batzar Nagusi Berezian parte hartu eban Vatikanoan, 1999.eko irailaren 26tik urriaren 17ra, Gotzainen Batzarrak aukeratutako kide lez.

Espainiako Gotzainen Batzarrean, Irakaskuntza eta Katekesirako Gotzain Batzordeko kide izan zan (1978-1981); Unibertsitateetarako Gotzain Batzordeko kide (1978-1990); Klerorako Gotzain Batzordeko kide (1990-1993) eta Batzorde honetako kide 1993tik 1999ra arte. EGBeko Batzorde Eragileko kide be izan zan (1999-2002).

Bilboko Gotzain laguntzailea, ‘Bizkaitar Argia’

https://www.youtube.com/watch?v=qlfhA9i1eeY

Karmelo Etxenagusia saria-biografia

https://www.youtube.com/watch?v=whU53KC5oUc&t=88s

Omenaldia: https://www.youtube.com/watch?v=jGjb1_syrLc&t=1312s

Bizkaitar Argi

https://bizkeliza.org/noticia/monsenor-juan-maria-uriarte-nombrado-ilustre-de-bizkaia/

Carmelo Echenagusia Ohorezko Aitamena

https://www.youtube.com/watch?v=qlfhA9i1eeY
https://youtu.be/GcCRAM5WITo

Erreportajea abadetzaren 60. urteurrenean

https://youtu.be/whU53KC5oUc

Gazte Role model Saria Begoñazpi ikastolaren eskutik

https://youtu.be/kywTTFF74Ow?si=u0mPkBmqvrpOa_yd