01-05-2024 Miércoles, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Otoitz egin nire alde, erakutsi abade izaten”
29.01.2024

“Otoitz egin nire alde, erakutsi abade izaten”

Joan dan zapatuz, urtarrilak 27, On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru zala ospatu zan Marco Antonio Muñoz Eleizbarrutiko abadegaiaren diakonogintza, Plentziako Andra Maria Magdalena eleizan. Abade, diakono eta fraile ugarik parte hartu eban ospakizunean eta, honeekaz batera, Marcori bokazino´prozesuan lagun egin deutsan eta bere bizitzako une esanguratsu honetan bere ondoan egon gura izan eban makina bat lagunek. Eleizkizuna zuzenean emon zan eta hemen ikusi daiteke.

Marco Antonio Muñoz abadegaiak azken urratsa emon eban abade egin aurretik Plantziako eleizan ospatu zan diakonogintzagaz. 

Gotzainak, homilian, entzuteko “eta besteen egoeragaz bat egiteko” gaitasunaz jardun eban. Hauxe esan eutsan Marcori: “zuk badozu ezaugarri hori eta, era batera edo bestera, agertu dozu eta agertzen da ezagutu zaituan hainbeste lagun batu dauan batzar honetan. Une honetan zugaz bat egin gura izan dauan hainbeste lagun, benetan, enpatizatzeko, jente askoren bizitzagaz bat egiteko eta eurakaz bizitza horren alderdiren bat ospatzeko ahalmena autortzen deutsuelako”. 

Marco Antonio Muñozen diakonogintza

Harremanetan jarri

Harremanetan jarteko gaitasuna be aitatu eban, “uste sendoak izan geinkezalako eta entzuten jakin, baina beharbada berba egitean ez gara zerbait indarrez edo egiaz helarazoteko gauza, eta horetan bakotxak bere estiloa dau. Horregaitik, askotariko iragarleak, iragarpenak, harremanetan jarteko, gauzak helarazoteko, adore emoteko, itaropena emoteko sustatzeko eta pertsonak altxatzeko askotariko erak dagoz, hitzez, isiltasunaz, bidezko ekintzakaz… Gaitasun hori eskatzen deutsat Jainkoari zuretzat, gaur jasoko dozun aginpide horren isla bezala. Argitzaile izan daitela, Jesusen aginpideari, enpatia eta harremanetan jarteko gaitasunari lotuta egotearren”.

Marco Antonio Muñozen diakonogintza

Maitasuna

On Joseba Segura gotzainak hauxe aldarrikatu eban azkenean: “gauza guztien gainetik, maitasuna, egon zaitezan leku guztietan errespetu, maitasun eta pozezko giroa sortuz. Zugaz gatazkan izan diranei, zuregandik urrunago sentitzen dozuzanei edo sentitzen diranei parkatzeko gaitasuna dozula erakutsiz. Beti gertu egoteko gaitasuna, hartu-emonik ez apurtzeko, hartu-emonei zabalik eusteko eta Jainkoak zure bidean jarri daizan pertsona guztiak arduraz eta kontu handiz zaintzeko gaitasuna. Danengandik gertu ibilten zan eta, batez be,  arrazoi desbardinengaitik baztertuta egozanengana -esate baterako, leprasunak, gaixoak edo Zakeo bera- hurreratzeko hesiak apurtzen ebazan Jesusen antzera. Horixe egin beharko dozu zeuk be, holako aginpidea eskatzen dot zuretzat”.

Marco Antonio Muñozen diakonogintza

Esker ona

Ospakizunaren amaieran, Marco bertaratutakoei zuzendu jaken. Bokazino-prozesuaren hastapenak gogoratu eta esker ona adierazo eban, lehenengo eta behin familiari, amari: “atzo egin neban berba beragaz. Berak ekarri nau mundura, bera, ama da, aita, adiskidea eta bidelaguna. Ama, bihotz-bihotzez maite zaitut”; arrebari, anai eta lobei: “Ekuadorretik ikusten nozuen senide, adiskide eta pertsona guztioi”.

Marco Antonio Muñozen diakonogintza
Marco Muñoz ospakizunaren amaieran

Gogoan izan eban Aitor Uribelarrea be -Seminarioko aurreko errektorea-, “Jainkoak niri deitzeko bitarteko izateagaitik”. Esker ona adierazo eutsan gotzainari “zure konfiantzagaitik”, On Mario Izetari, “hona ekarri nauan lehenengo urratsean izan zalako, bere eskutik hasi nebalako prozesu hau. Nire esker ona, baita be, nire heziketaz arduratu diran talde biei”.

Marco Antonio Muñozen diakonogintza

Esker ona adierazo eutsen, aldi berean, parrokietako taldeei, erreferenteei… Pastoralgintzan jardun izan dauan lekuetakoei, asko eta asko tenplura joan zana eta “maite nabela sentiarazoten deustena”.

Enkarterrietako Alen Pastoral Barrutiko (PB) kideak be gogoan izan ebazan: “Hortxe hasi nintzan eta maitasuna eta abegia sentitu nebazan, urrinetik lurralde ezezaguneta, hizkera ezaguna eban lurraldera etorri barri, bertako jenteak beti erakutsi izan deustalako maitasuna eta gertutasuna”.

Errekarte PBa be gogoan izan eban: “bertan be ikasi egin dot. Eta inguru hori aitatzean, ezinbestekoa da Johnny Vargaz gogora ekartea. Gure otoitzetan dogu aitaren besoetan dan ekuadortar hau. Zure alde errezatzen dogu, Johnny”.

Azkenik, Uribe Kosta PBa gogoratu eban: “Bizkan bizitzen eta gizartean nahastatzen ikasi dodan lekua da”. Beste leku bietan, asteburuan baino ez zab egoten. “Pastoraltza bete-betea; asko ikasi dot pastoraltza horretatik, baina, aldi berean, asko dot ikasteko”.

Amaitzeko, heziketa jaso dauan lekuak be aitatu ebazan: Unibertsitatea, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutua (ETPI)… Taldeak, GME,… be gogoan izan ebazan: “eskerrik asko, nire bokazinoaren osagai izan zarielako eta izango zarielako”.

“Aparteko esker ona Borja Uriarteri eta bere familiari -Uriarte Corral-. Eskerrik asko zuen gertutasunagaitik. Jainkoak odoleko familia emoten deutsu, baina nire herrialdetik urrun, bosgarren semetzat hartu nauan familiaz gozatzeko aukera izan dot”.

Marco Antonio Muñozen diakonogintza

Abade, diakono, Seminarioko errektore, hezitzaile eta kideoi “nire alde otoitz egiteko eta abade izaten erakusteko eskatzen deutsuet. Eskerrik asko nire bizitzako urrats garrantzitsu honetan ondoan izateagaitik”.

Marco Antonio Muñozen diakonogintza