20-11-2024 Miércoles, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Otxarkoaga ikastegia, harrera eta inklusinoaren eredu
08.11.2023

Otxarkoaga ikastegia, harrera eta inklusinoaren eredu

Datorren domekaz, azaroak 12, Eleizbarrutiaren Eguna ospatuko dogu, jai eta esker oneko eguna, "alkarregaz parrokia bizia Jesukristoren jarraitzaile sutsua dan eta besteen alde jarduten dauan parrokia egin geinkelako". On Joseba Segura Bilboko Eleizbarrutiko gotzainak egun honetarako idatzi dauan gutunaren hasieran, izenburua azaldu dau: "Fedeagaitik esker onez": "Bizkaian bide egiten diharduan Eleizak Eleizbarrutiaren aurtengo egunerako aukeratu dauan goiburuak esker ona adierazoten dau gure fedearen balio eta ekarriengaitik, giza bizitza ulertzeko dogun era argitzeaz batera, gure jardunbidea bideratzen daualako". Idazkia osorik eta egunaren inguruko barri gehiago: hemen.

Sasoi egokia da Eleizbarrutiko hainbat egitasmo sakonago ezagutzeko. Zehatz-mehatz,Eleizbarrutiko ikastetxeak batzen dituan EBI sareko Otxarkoaga ikastegira joko dogu. Gizarte eta heziketa barrikuntzaren eredu da, ahuleziazko egoeran dagozan gazteen heziketa eta laneratze bidezko integrazinoaren eredu. Garatzen dauan egitarauari esker, gizarte bazterketa jasateko arriskua daben 250 neska-mutil etorkinek heziketa prozesuagaz jarraitu egiten dabe, baztertzea saihestuz. Era berean, ikastetxeak bakarrik etorri diran atzerriko 50 adin txikiko hartu ditu, lehenengo harrerarako egitarauaren bidez heziketa-sisteman txertatzeko.

Ikastegiko langileek ikusi ebenez, honako gazte asko eta asko baldintza negargarrietan joaten zan eskolara, ikasgelan lokartzeraino. Gainera, ikasketak bestan behera izten ebezanak inongo babes barik eta sistematik kanpoko bizitzaren arriskuen menpe geratzen ziran, gizarte arazo bihurtzeaz batera.

Ikastegiak, begiradaz aldatu, eskola-eremu hutsetik atara eta arazoari ikuspuntu orokorretik heldu eutsan: lankidetzan jardun eban beste hainbat gizarte eragilegaz eta heziketa araututik eta lanerako heziketatik harago neska-mutil honeen euskarri dan sarea sistematizatu eben. Esate baterako, bizi izateko zentroen egitaraua egituratu dabe, gazteoi biziera heldura igarotzen laguntzeko; beste laguntza batzuk be -jantokia, garraioa eta erropak- martxan jarri dabez eta jarraipena be egiten deutse irakasle eta bitartekarien laguntzagaz. Horreetakoren bat ikasle ohia da eta euren gabezia emozionalak kudeatzen laguntzen deutse.

Erreportajea osorik Alkarren Barri/Comunicación aldizkariaren azken alean: