Ondarroa
Txomin Aguirre ikastola zabalik egoanean, IGE-AMPAk antolatzen eban Ondarroako kabalgata. Ikastolak ateak itxi ebazanetik eta boluntarioen, katekisten eta katekesiko umeen laguntzari esker. Andra Mari parrokia arduratzen da antolakuntzaz. Ohiturari eta fedeari eusteko egiten dabe, izan be, kabalgata Ebanjelioko pasarte baten (Mt 2, 1-12) antzezpena eta leial transmititu behar dau mezua”.
Ondarroako kabalgatan, Errege Magoek oinez egiten dabe ibilbidea portutik Atxeternoko kaperaraino, herriko kaleak zeharkatuz. Ume batzuk portutik ataraten dira erregeakaz eta, bidean aurrera egin ahala, beste asko gehitzen jako kabalgatari. Gabon-kantak abesten diran bitartean, jentea agurtu eta karameloak banatzen dabez. Atxeternoko kapera Belengo Estalpe bihurtzen da eta han izaten dira Maria, Jose eta Umea (jaiotza bizia). Estalpera heltzean, Errege Magoak belaunikatu egiten dira Jesus Umea gurtzeko; “bitartean -azaltzen dabenez-, ‘Erregeak zerate’ gabon-kanta abesten dogu han batu garanok; Erregeak estalpera iristean, Gabon-kanta abestu aurretik, Jesusen Jaiotzaren eta Erregeak Belenera iristearen kontaketa irakurten da”.
Amaitzean, Errege Magoak kaperaren ondoan dagoan Lantxarbe plazan jarritako eszenatokira igoten dira eta han Ondarroako mutiko eta neskatoak hartzen dabez banan-banan, guztiek minutu batzuez Errege Mago bategaz egoteko aukera izan daien. Gainera, ume bakotxari litxarreria-paketea emoten jako. Erregeek babes-etxeko nagusiak eta eguneko zentroko pertsonak be bisitatzen dabez.
Lekeitio
Orain dala 50 urte inguru hasi ziran kabalgata antolatzen. Sasoi haretan, Antonio Zamora abadea hasi zan antolatzen, katekisten laguntzaz; hil zanean, katekistek hartu eben ardura. Euren esanetan, “antolaketan dihardugun hiruk hogeita bost urtetik gora daroaguz laguntzen. 2017/18an, antolaketaz arduratzen zan katekistak bera nagusia zala eta ez ebala jarraituko esan euskun. Hari laguntzen geuntsan hirurok batu eta geuk antolatzea pentsatu genduan. Udalak laguntza emoten deuskunez, irabazi asmo bako alkartea sortu behar izan genduan eta horregaitik kabalgata ‘Eleizarena da eta ez da’. Beraz, “trakatatrakatan” 2017ko kabalgatarako sortu zan.
Kabalgata antolatzen dabe “penagarria litzatekelako ohitura hau galtzea; eutsi egin behar deutsagu Lekeitioko umeengaitik, euren ilusinoagaitik, bisita egiten deutsegun egoitzako pertsona nagusiengaitik, poz-pozik egoten dira-eta gu noiz joango zain”. Gainera, euren esanetan, era honetara, Gabonetan, familiak ez dira hainbeste aldentzen kurtsoan zehar egindako lanetik eta Elizatik “nahiko aldenduta” dagozan pertsonek jarduera honeetan parte hartzen dabe. Antolatzaileen ustez, “ezinbestekoa da ereitea”.
Galdakao
1988tik hasira, Argizai Eskaut Taldea arduratzen da Errege Magoen kabalgata antolatzeaz. Hogeta hamabost urte daroez, beraz, Galdakaoko kaleak karameloz, ilusinoz, magiaz eta pozez beteten.
Euren esanetan, “lan handiaren emaitza eta herritarrek Errege Magoei harrera egitean erakusten daben ilusinoa ikusteak bultzatzen gaitu ekimen hau urtez urte garatzera. Antzezpenaren atal bat aldarrikapenerako izango da, iaz Mozambikeko Walaleko egitasmoari begira, eta aurton inklusibitateari begira. Gure kabalgatan emakumezkoaren irudia be agertzen da, Gabone Izarra, hain zuzen be, hiru Errege Magoak Belenetik Galdakaora gidatzen dituan izarra”. Gabonek, urtez urte, jostailu ez sexista bana emoten deutse herriko umeei, “bardintasuna aldarrikatzeko”. Argizaiko neska-mutikoek jardueran parte hartzen dabe erregeen ondoan joanez kabalgata osoan, karameloak jaurtiz, bidea zuziez argituz edo jaiotza biziduna osatuz.
Argizaiko begiraleak irailean ekiten deutse kabalgataren prestaketari: “taldeko neska-mutikoen aita eta amen eta asaben, hau da begirale izandakoen laguntza dogu, ezinbestekoa gure helburua lortzeko. Argizai Eskaut Taldeko kideok gure esku dagoana eskainiko deutsagu aurrerantzean herriari, izan be, gure goiburuak dinoanea: BETI PREST!”.
Elorrio
Elorrioko udalak ez ebala kabalgata sustatzen jarraitzeko itxurarik ikusi genduan 2019an. Herrian oso konprometituta egoan katekista bat horretaz jabetu eta beharrizan horren barri emon eutsen katekistei eta parrokiari. 2019tik hasita, Sortze Garbia parrokia arduratzen da herriko Erregeen kabalgataz.
“Guretzat -dinoe-, oparia da gertaera honi eusten jarraitzea. Izan be, aukera ona da barri ona leialtasunez zabaltzeko; guk geuk jasotakoa belaunaldiz belaunaldi transmititzeko, geure nortasuna sustatzen jarraitzeko eta fedearen misterioa mundura, eta zehatz-mehatz geure ingurura eroateko. Aukera ederra da, gainera, kristau alkarte lez udalagaz alkarlanean aritzeko eta aitite, amama, aita, ama, seme eta alaben artean lokarriak estutzen eta gure sustraiak gogorarazoten dituan ohiturari eusteko. Gainera, gaur, beste inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da Jesusen Jainkoa agertzera emotea eta danontzat datorrela gogoratzea.Eta Errege Magoen ikustaldiari esker, poztasuna, gizakundean haragi egindako oparia eta egia ikusi eta sentitu daikeguz”.
Euren ustez, kontaketaren Hitza gordeteko erarik onena sozializazinoaren bidez bizirik eustea da. Ilusinoari, poztasunari eustea eta Salbatzailearen jaiotza orain eta beti guztiakaz ospatzea. “Eta jakina, gure gazteei jaso dogun legatua, herentzia eskaintzea, buztinezko ontzietan altxorra daroagula sinistuta eta gainezka egiten deuskun eta Jainkoa munduan agertu egiten dala iragartera eta horren lekukotasuna emotera bultzatzen gaituan poztasun eta Grazia hori batera jarteko irrikaz”.