09-10-2024 Miércoles, XXVII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 San Juan de Dios ospitalearen mendeurrena
07.03.2024

San Juan de Dios ospitalearen mendeurrena

1924an sortu zan Santurtziko San Juan de Dios ospitalearen mendeurreneko atzera begirako argazki-erakusketa dago ikusgai martxoaren 21era arte Torre Etxean. Gainera, bihar, martxoak 8, San Juan de Dios eguna, oroitzapenezko Eukaristia ospatuko da ospitaleko eleizan, Amador Fernandez San Juan de Dios ordenako probintziala buru dala eta Sergio Buiza lurralde bikarioa be bertan izango da. 

Santurtziko Torre Etxean ikusi daiteken argazki-erakusketan, ospitalearen 100 urteko jarduera agertzen da ordena kronologikoan. Osasun-etxeak antolatu dau erakusketa, Santurtziko udalagaz batera. Martxoaren 21era arte egongo da zabalik, 9:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:30etara, astelehenetik zapatura. Sarrera libre eta doakoa da.

Inaugurazinoan izan ziran, besteak beste, Fuensanta de Icaza Aguirre ongintzazko fundazinoko presidentea; A. Mariano Bernabe Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko anaien komunitateko nagusia;  Vicente Fernandez Zurita ospitaleko zuzendari-gerentea; Pablo Lledo zuzendari medikua eta Marian Lanzargorta erizaintza-zuzendaria.

Konpromisoa

Fuensanta de Icazak esker ona adierazo eutsan udalari, ospitalearen ehun urteko historia agertzeko lekua izteagaitik. Bere esanetan, “ongintzazko fundazinoak oinazetan dan ‘bizkaitar oinazetsuagaz’ dauan konpromisoaren historia da. Gaur egun herri erantzukizun korporatibo lez ezagutzen danaren adibide ona”. 

San Juan de Diosen mendeurrena
Martxoaren 21era arte ikusgai dan erakusketa

A. Mariano Bernabek gogora ekarri eban “San Juan de Dios ospitale-ordenaren konpromiso sendo eta iraunkorra. Horren arabera, San Juan de Diosen abegi-karismatik, arreta eskaini deutse, sasoiaren arabera, desbardinak izan diran gizartearen beharrizanei”.

Zerbitzuzko bokazinoa

Vicente Fernández Zuritak Santurtziko San Juan de Dios ospitalearen “zerbitzurako bokazinoa” aitatu eban, izan be, hasieratik, “leialtasunez” jardun izan dau osasun-administrazinoagaz alkarlanean. Bere esanetan, “gaur, ospitalea inauguratu zanean lez, ospitale hau laguntzarako punta-puntako bitartekoa da. Talde bikainagaz, abangoardiako teknologiagaz, bete-beteko instalazinoakaz eta gertutasun gizatiar eta geografiko nabarmenagaz. Mediku-kirurgia arloko 25 espezialitategaz eta kirugia ortopediko eta traumatologian espezializazino altuagaz. Gaur egun be, gertuko ospitale gara gure alkartearentzat”.