Kurtsoaren hasieran, ‘Bizkaia isilik’ bilkuren antolaketaz arduratzen diranek barri emon dabenez, Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, aurton 2.762 lagun hil edo desagertu dira Mediterraneoa zeharkatzeko saiakeran.
Gogoeta egin
Antolatzaileen esanetan, “Bizkaia isilik ekimenaren eskutik IRAILEAN egingo dogun bilkuran, etorkinen aurrean, eta batez be emakume etorkinen aurrean doguzan aurreretxi eta estereotipoen inguruan gogoeta egin dogu. Emakume horreetako askok eta askok askotariko bazterketa jasaten dau bere sexu joeragaitik, genero-indarkeriagaitik, azalaren koloreagaitik, gizarte-ekonomia mailagaitik, kulturagaitik edo erlejinoagaitik”.
Hil honetako agirian jasoten danez, “alde batera itzi gura doguz indarkeria honeek sustatu eta bizikidetza zailtzen daben orokortzeak, ideia sinplista eta argumentu bakoak. Ezagutza, bategitea, enpatia, alkarrizketa eta entzutea, aurreretxiei eta informazinorik ezari edo informazino maltzurrari aurre egiteko bitarteko baliotsu dira. Emakume etorkinek borrokatzeko, erresilientziarako, gure gizarteari ekarpena egiteko daben gaitasunaren garrantzia azpimarratu gura dogu, jasaten daben behin-behinekotasuna eta indarkeria salatzeaz batera. Etorkinak baztertuko ez dituan eta euren eskubideez gozatzea galarazoko ez deutsen Atzerritartasun-legea eskatzen dogu”.