27-04-2024 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Zornotzan be egingo da ‘Bizkaia isilik’ bilkura isila etorkinei alkartasuna erakusteko
27.09.2023

Zornotzan be egingo da ‘Bizkaia isilik’ bilkura isila etorkinei alkartasuna erakusteko

Abuztuko etenaldiaren ostean, gaur, barriro egingo da 'Bizkaia isilik' bilkura, betiko lekuetan, "etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak salatzeko". Hilabete honetan, gainera, joan dan domekaz, Etorkin eta Errefuxiatuaren Eguna ospatu da, “Libres de elegir si migrar o quedarse/Migratzeko edo geratzeko aske” goiburuaren haritik. Arratsaldeko 19:30etan egingo dira bilkurak, ondorengo leku honeetan: Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzquiano kalean; Barakaldon, Bide Onera plazan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan eta Getxon, Telletxe plazan, metroaren ondoan. Hilabete honetatik aurrera, Zornotzan be batuko dira, Herriko plazan.

Kurtsoaren hasieran, ‘Bizkaia isilik’ bilkuren antolaketaz arduratzen diranek barri emon dabenez, Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, aurton 2.762 lagun hil edo desagertu dira Mediterraneoa zeharkatzeko saiakeran.

Gogoeta egin

Antolatzaileen esanetan, “Bizkaia isilik ekimenaren eskutik IRAILEAN egingo dogun bilkuran, etorkinen aurrean, eta batez be emakume etorkinen aurrean doguzan aurreretxi eta estereotipoen inguruan gogoeta egin dogu. Emakume horreetako askok eta askok askotariko bazterketa jasaten dau bere sexu joeragaitik, genero-indarkeriagaitik, azalaren koloreagaitik, gizarte-ekonomia mailagaitik, kulturagaitik edo erlejinoagaitik”.

Hil honetako agirian jasoten danez, “alde batera itzi gura doguz indarkeria honeek sustatu eta bizikidetza zailtzen daben orokortzeak, ideia sinplista eta argumentu bakoak. Ezagutza, bategitea, enpatia, alkarrizketa eta entzutea, aurreretxiei eta informazinorik ezari edo informazino maltzurrari aurre egiteko bitarteko baliotsu dira. Emakume etorkinek borrokatzeko, erresilientziarako, gure gizarteari ekarpena egiteko daben gaitasunaren garrantzia azpimarratu gura dogu, jasaten daben behin-behinekotasuna eta indarkeria salatzeaz batera. Etorkinak baztertuko ez dituan eta euren eskubideez gozatzea galarazoko ez deutsen Atzerritartasun-legea eskatzen dogu”.

Urriko bilkura, hilaren 25ean izango da betiko orduan eta lekuetan.