11-12-2024 Miércoles, II semana - adviento
Bizkeliza 5 Kultura 5 Eskarien gehitzea Eleizbarrutiko Artxiboan, Oroimenaren Lege barria dala-eta
26.12.2022

Eskarien gehitzea Eleizbarrutiko Artxiboan, Oroimenaren Lege barria dala-eta

Gizaldi honetan, oroimen historiko edo demokratikoko askotariko prozesuak ireki dira gerra zibilean edo diktadura frankistan jazarpena edo indarkeria jasan ebenei autortza adierazoteko edo euren aldeko neurriak ezartzeko. Guzti hori hainbat legetan islatu da: Oroimen Historikoaren Legea (abenduaren 26ko 52/2007 Legea), oraintsu aldarrikatutako urriaren 19ko 20/2022 Legeak,Oroimen Demokratikoarenak, indargabetutakoa.

Anabella Barroso Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboko (BEHA) zuzendariak azaldu dauanez, testuinguru honetan, artxiboen egitekoak garrantzi berezia dauka. “2007tik hasita, bateo-agirien eskari mordoa izan zan, euren aitite edo amamak jatorriz estatukoak edo, gure kasuan, Bizkaikoak zirala egiaztatu eikienek herritartasun bikotxa jadetsi eikien-eta. Oroimen Demokratikoaren Legea onartu barri dabenean, gertaera hori barriro azaldu da”.

1870ean sortu ziran erregistro zibilak eta hasierako urteetan beti ez ebezan datu guztiak jasoten, batze horri nahitaezkoa izateko prozesua luzatu egin zalako. Horregaitik, Eleizak emondako sakramentuen (bateoa, sendotza, ezkontza) eta baita matrikula-liburuak be (edo status animorum, Pazko aldiko konplitzea idazteko) oharpenak bizilagunen benetako errolda dira eta pertsonen existentzia fidagarritasun handiz egiaztatzeko aukera emoten dabe. Izan ere, gizaldi askotan, jaioten ziran guztiek bateo katolikoa jasoten eben. Hain zuzen be, gaur egungo Legean, “aitite-amamen legea” lez ezagutzen dan legean, atal baten, “parrokiako edo eleizbarrutiko artxiboko bateo-agiria” aurkezteko aukera autortzen da. Ikusi daitekenez, beren-beregi balio pastoral eta administratiboagaz sortzen dan agiriak, denporaren buruan, balio historiko, sozial eta kulturala hartzen dau eta, gainera, pertsona baten bizitza aldatu leike, alde batetik sustraiak ezagutzeko baliagarri izan daitekelako eta, bestetik, herritartasun jakin bat eta honek ekarri leikezan eskubideak lortzeko.

Eskarien gehitzea

Parrokietara, artxibora, idazkaritzara, kantzilertzara eta beste hainbat sailera iritsitako eskaeren gorakada nabarmena izan da. 1945 baino aurreragokoa bada, eskaria info@aheb-beha.org helbidera bialtzea da egokiena, eta ostekoa bada, notaritza@bizkeliza.org helbidera bialtzea. Hilabete bi honeetan, artxibora bakarrik, 250 eskari inguru heldu da, posta elektronikoaren, Facebooken, webaren bidez edo telefonoz, Kuriako beste sail batzuetatik bialdutakoak zenbatu barik. Barrosoren esanetan, “agiria 1900 baino aurreragokoa bada, nahiko erraz aurkituko dogu 1501 eta 1900 bitarteko sakramentu-erregistroen datu-basea dogulako, artxiboaren webean be eskuratu daitekelarik. Geroko urteetarako, ikerketa zuzena egin beharra dago liburuetan eta honeek beti ez dabe aurkibiderik iaten eta, gainera, ez deuskue datu zehatzik eskaintzen (“nire aitite Labe Garaien parean jaio zan, edo Bizkaian jaio zan). Beraz, beti ez dogu gura doguna bilatzen. Aurkitu ondoren, hitzez hitzeko kopia egiten dogu; sinatu, egiaztatu eta sinadura Gotzaitegiko Notaritzan legeztatu egiten da. Agiri honeen bidez, pertsonen existentzia eta jatorria egiaztatzen dabe. XVIII. gizalditik aurrerako bateo-agiriek datu ugari jasoten dabe, bai sakramentua hartu dauan pertsonaren datuak eta bai gurasoenak, aita-ama pontekoenak be, nongoak diran, zein parrokiatako eleiztar diran aitatuz eta batzuetan baita lanbideak be. Beste herrialde batzuetan ospatutako ezkontzaren albo-oharrik egon ezkero, hari horretatik tira egin daiteke migratu egin ebela egiaztatzeko, nahiz eta normalean irteera hori gizarte-politika arrazoiengaitik izan zan ala ez aitatu ez”.

Artxibotik azaldu dabenez, ez da euren agiriek balio erantsia daben lehenengo aldia. “oroimen demokratikorako prozesuan, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan, Gogora, Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideetarako Institutua sortu zan azaroaren 27ko 4/2014 legearen bitartez. 2018tik hasita, Eleizbarrutiko Artxiboak alkarlanean dihardu, Donostiako eta Gasteizko Artxiboakaz batera, Gogora Institutuagaz 1939 eta 1945 bitartean askotariko indarkeria jasan eben pertsonak identifikatzeko egitasmoan”. Egitasmo honetan, oso garrantzitsua izan da parrokietan egozan hildakoen liburuak batzea eta Bikaiko Eleizaren Historia Artxiboan iztea.Gero, datu-basea sortu da eta hemen kontsultatu daiteke: https://www.gogora.euskadi.eus/webgog00-aplikazi/es/contenidos/recurso_tecnico/gogora_aplik/eu_def/index.html