28-04-2024 Domingo, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bake Topaketan izena emoteko azken egunak
08.02.2024

Bake Topaketan izena emoteko azken egunak

Datorren domekaz, otsailak 11a, amaituko da otsailaren 17an ospatuko dan Bake Topaketan izena emoteko epea. Luis Mari Vega Bake eta Adiskidetzerako Eleizbarrutiko arduradunak deialdia egin dau, bideo bidez, bakearen aldeko X. topaketan parte hartzera bultzatuz. Hamargarren urteurrenean, inguruko bikaritzek (IV. eta V.) hainbat bider antolatu eben lez, Bolibartik ZIortzarako ibilaldia egingo da. Izena emoteko: hemen.

Otsailaren 17an ospatuko da Bake Topaketa Ziortzako monasterioan eta egun gitxi falta da izena emoteko epea ixteko. Aurton, kreazinoaren zaintza eta ingurumenaren aurkako indarkeriak ardaztzat hartuta egingo da jarduera.

Oraingo Bake Topaketak hamar urte beteko ditu, baina aurreko gizaldian egin ziran Eleizbarrutian bakearen aldeko lehenengo topaketak. Lehenengo ekitaldia 1996an ospatu zan. Hiru urtez jarraian, erromesaldia egin zan bakearen alde Urkiolako santutegiraino. 1999an, Bilboko Erakustazokan ospatu zan bakearen aldek ekitaldia eta 2001ean, Armentiako landetan egin zan Eleizbarrutiarteko topaketa bakearen alde. 

Beste alde batetik, 2007ko Alkartasun Zeinua be gai honen inguruan garatu zan eta 2012an, hiru euskal Eleizbarrutiek egun berean ospatu eben Bake eta Adiskidetzearen aldeko otoitzaldia.

2015 eta 2016an Gernikan ospatu zan eta 2017an hasita, Zornotzan ospatu izan da.

Aurton, Garizuma-aldiko lehenengo zapatuz ospatuko da Luis Mari Vegak azaltzen dauanez, “bihotz-barritzeko, pentsamoldez, jarreraz aldatzeko eta Bilboko Eleizbarrutiak bake eta adiskidetzearen alde gizartean eta alkartean dauan konpromisoa agertzeko deiari erantzunez”. 

`Arnas Barri, Bizi barri´

Inguruko bikaritzek antolatzen eben bakearen aldeko ibilaldiaren sena berreskuratu da aurtengo topaketarako eta aurton be oinez egingo da bidea Bolibarretik zistertar monjeen Ziortzako monasterioraino.

Bolibarretik Ziortzarainoko igoera, isilik egingo da, alde batetik, kreazinoaren ontasun eta edertasunaz jabetzeko eta, bestetik, sortutakoaren oreka eta bakea suntsitzen dabezan jarrerak gogora ekarteko. Era berean, indarkeriari eta ekologiari lotutako gertaerakaz zerikusia daben egoerak eta biktimak izendatuko dira. Guzti hori, bat egitea, sentiberatasuna biztea, kontzientzia hartzea, gogoeta eta konpromisoa ahalbideratuko dauan giroa sortzeko.

Monasterioan, lau eremu antonduko dira. “Energia-ahultasunari” buruzkoa izango da bat eta Alvaro Trepiana Arraizpe Pastoral Barrutiko kideak sustatuko dau.

Arantza Madariaga Gaizkiña eskaut taldekoak gidatuko dau “Indarkeria eta izadia” eremua eta Enrique eta Ana eta Asier Arteaga Fede eta Zuzentasuna komunidadeko kideek sustatuko dabe begiespenari eskainitako eremua.

Laugarren eremua, eleizan izango da eta bertan Galo Bilbaok jardungo dau “Bakea, biziaren zaintza eta ekologia” gaiaren inguruan. Amaitzeko, bertaratutako guztiak alkartuko dira Bilboko gotzaina buru dala egingo dan ekitaldian. 

Bolibarretik Ziortzaraino

Hitzordua, Bolibarreko eleizaren inguruan da goizeko 10:00etan. Ondoren, oinez igoko a monasterioraino. Ekitaldia, 13:15 inguruan amaituko da ospakizun laburraren ostean.