Bilboko gotzainak Bidebarrieta Kulturgunean kazetari biei eskaini eutsen alkarrizketan, zurikeria barik eta naturaltasunez, bere ikuspuntutik, azaldu eban Eleiza, gaurko kulturan, ze egoeratan dagoan.
‘Eleiza, gaur, zertarako?’ galderaren haritik egin zan atzoko alkarrizketa eta, horren inguruan, gure sasoiko kontu “instrumentala” dala esan eban. Halanda be, zehaztu ebanez, kristau alkartearen ikuspuntutik, “gure planteamendua ez da zertarako balio dauan, fedearen zentzun eta justifikazinoa ez datza-eta balio izatean”. Puntu hau zehaztuz esan ebanez, “gurea ez ezik, Jainkoarena dan egitasmoa jaso dogu eta hori zentzuzkoa izan daiten, onartu, geure egin eta egia bihurtzen saiatu behar dogu”. Alkarteari “bizitza ulertzeko era lez” atxikitzea, “alkarteari lotuta harreman egonkor eta luzeak” izatea, gotzainaren esanetan, kontrakulturala da.
Bilboko gotzainaren ustez, jente gazte ugari dabil bila eta, horregaitik, kristau proposamenaren hainbat gauza baliagarri izan daiteke euren jakin-minei erantzuteko. “Denpora behar dogu gure proposamena freskotasunez eskaini ahal izateko”. Bere esanetan, Eleizak badau etorkizunik, egoera Europan eta beste kontinente batzuetan desbardina dalako.
📌Entrevista en la Biblioteca Bidebarrieta al obispo de Bilbao @DaniAlvarezEiTB @reparazz
— Bilboko Elizbarrutia (@DiocesisBilbao) December 18, 2023
📌En directo por streaming desde Bidebarrieta Kulturgunea. #bagara pic.twitter.com/T3UGJljj0D
Eleizaren irudia
Gotzainaren ustez, jenteak izan leiken eleiza boteretsuaren irudiak ez dau zerikusirik abade bat zuzenean ezagutu ondoren jenteak dauan irudiagaz. Honen haritik, “garai askotan”, Bizkaiko 200 abade inguruk eskaini izan daben eta eskaintzen diharduen zerbitzuaren garrantzia azpimarratu eban.
Eleizari egotzi izan jakon aberastasun-irudia dala-eta, adibide argia jarri eban: “abadeek 800 € kobratzen dabez eta nik, arduradun nagusi lez, 1.300 €”. Monumentu eta eraikinei dagokienez, ondare horrek “egundoko arazoak” dakarzala esan eban, guzti horreei eustea garestia dalako.
Autortu ebanez, izan dira Eleizagaz esperientzia txarra izan dabenak eta hori, zalantza barik, Eleizaz daben ikuspegi negatiboari lotuta dagoala.
Beste hainbat gairi buruz be jardun eban alkarrizketan: Bilboko Eleizbarrutian dagozan askotariko taldeak, Aita Santuagaz izandako azken batzarra, seminarioa, Lurralde Santuko gatazka, ministerio ordenatuaren tradizinoa, hezkuntza-legea…
Alkarrizketa osorik hemen: