27-04-2024 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bizimodu hobearen bila euren etxea izten daben emakumeak gogoratuko dabez ‘Bizkaia isilik’ bilkuretan
27.03.2024

Bizimodu hobearen bila euren etxea izten daben emakumeak gogoratuko dabez ‘Bizkaia isilik’ bilkuretan

Hilaren azken eguaztenez ohiko bihurtu danez, 'Bizkaia isilik' bilkurak egingo dira gaur, "etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak salatzeko". Bilkurak 19:30etan egingo dira ohiko lekuetan: Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzkiano kalean; Barakaldon, Bide Onera plazan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan, Getxon, Telletxe plazan (metroaren ondoan) eta Zornotzan, Herriko plazan. 

Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, urteko lehenengo hilabete honetan, 500 etorkin hil dira Mediterraneoa, munduko hobi komunik handiena, zeharkatzeko saiakeran

Martxoaren azken eguazteneko bilkuran, eurentzat eta euren familientzat bizimodu hobea bilatu guran, euren etxeak atzean itzi dabezan emakumeen egoera izango dabe gogoan. “Lehen eta orain, indarkeriatik eta eurek eragin ez dabezan gerretatik ihes egiten daben emakumeak; bideak askotariko indarkeriak jasaten dabezan emakumeak, ez dago-ta bidea era seguruan egiteko bermerik. Gogoan doguz, aldi berean, bizia salbatzeko euren familiakaz ihes egiterik ez daben emakumeak. Bizi izateko eta nazinoarteko babesaz gozatzeko eskubidea ukatu egiten jake”.

Ekimenaren eragileek nabarmentzen dabenez, Euskadira datozan etorkinen aurpegia, Hego Amerikako, Magrebeko, Ekialde Ertaineko, Sahara hegoaldeko Afrikako, Ekialdeko Europako, Asiako emakumearena da. “Emakume ausartak dira, hona iristeak, arrazakeria, sexismo eta klasismoaren harresiak aurkitzen dabezan emakumeak. Eta harresi horreek oinarrizko eskubideetatik kanpo izten dabez eta garapen personal eta profesionala eta familian bizitzea mugatzen deutsie. Gero eta gehiago dira kale gorrian, ahuleziazko egoeran bizi diran emakumeak eta emakume izateak berak ahulezia areagotu egiten dau. Babes-sistemak indarra galdu dau eta emakumeak eta umeak gero eta baldintza eskasagoetan eta larriagoetan bizi dira”.

Atzerritarrak sartzen dabezan zentroetan, oinarrizko eskubideak urratu egiten dira. Emakumeei dagokienez, urratze horri sexu- eta ugaltze-osasunaren inguruan inongo laguntzarik ez izatea, pertsona-salerosketaren biktima izatean inongo babesik ez jasotea eta sexu-indarkeria jasateko arriskua gehitu behar jakoz.