22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 ‘Bizkaia isilik’, bakearen eta pobretasuna deuseztatzearen alde
25.10.2023

‘Bizkaia isilik’, bakearen eta pobretasuna deuseztatzearen alde

'Bizkaia isilik' ekimenaren eskutik, bilkurak egingo dira gaur be, hilaren azken eguaztenez ohikoa danez, betiko lekuetan, 19:30etan, "etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak salatzeko". Dalako bilkura horreek lekuotan egiten dira: Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzquiano kalean; Barakaldon, Bide Onera plazan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan; Getxon, Telletxe plazan (metroaren ondoan) eta, irailetik hasita baita Zornotzan be, Herriko plazan. Gaur, bereziki, Palestinaren eta Israelen artean biztutako gerra dala-eta, "erasoak bertan behera izteko eta milaka pertsona errugaberen sufrimentuari amaiera emoteko"· eskatuko deutse gobernuei. 

‘Bizkaia isilik’ ekimenak urriak ospatuko dituan bilkuretan, pobretasunaren eta bere eragileen -gizarte-ekonomia egiturak bidegabeak dira- arazo larria agertzera emon gura da, “gizarte-ekonomia egiturak bidegabeak diralako. Eta, honen haritik, herritar lez, horreek salatu eta giza errealidade zuzenagoa aldarrikatu behar dogu”.

Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, urte honetan, 2.806 etorkin hil edo desagertu dira Mediterraneoa itsasoa zeharkatzeko saiakeran.

Pobretasuna deuseztatzearen aldeko eguna

Deialdian azaldu danez, “urrian, hain zuzen be hilaren 17an eta Nazino Batuek autortuta, pobretasuna deuseztatzeko nazinoarteko eguna ospatu dogu. Gaur egun, 670 miloe lagun pobretasunik latzenean bizi dira, 2,15 dolar baino gitxiago dabe eguna igarotzeko eta kontu hori ez da herrialde txirotuetakoa bakarrik, Europan, Euskadin be gertatzen da”.

Mezu berean azaltzen dabenez, “pobretasunak gehien erasandako gizataldeak, europarrak ez diran etorkinak dira, guraso bakarreko familiak, lan eskasak dabezanak… Pobretasuna ez da halabeharrezko zerbait, bazterketa eta pobretasuna eragiten dituan gizarte-ekonomia egituraren, ekoizpen-eredu jakin baten, hau da, kapitalismoaren emaitza da eta gizarte osoak konprometitu behar dogu horren deuseztapenean”.

Bakea

Gaur, gainera, “eta Palestina eta Israelen artean biztutako gerra gogoan, geure egingo doguz Frantzisko Aita Santuaren berbak: “Gerra, porrota da, gerra bakotxa porrota baino ez da”. Eta eskaria egiten deutsegu gobernuei euren esku dagoana egin daien erasoak eta milaka errugaberen sufrimentua eteteko, izan be, terrorismoak eta gerrak ez dakarre konponbiderik giza gatazketan. Dakarren bakarra, ondotxo egiaztatu dogunez, etorkin-kopuruak gora egitea da eta pertsona horreen pobretasuna areagotzea”.

Gizarte abegitsu izateaz batera, egunero, gure herrira iristeko bere bizia arriskuan jarten daben ehunka lagunak gogoan izan gura doguz”.