Zientzia eta artearen azokaren hirugarren ekitaldia da. Lehen hezkuntzatik Batxilergo eta LHra, EBI sareko ikastetxeetako adin guztietako ikasleek parte hartzen dabe. Aurreko ekitaldia Sodupen, Avellaneda ikastetxean ospatu zan eta aurton, Ortuellan da hitzordua.
Ikasleek gaur egungo heziketan ezinbestekotzat joten diran STEAM jakintzagaiei (zientziak, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak, ingeleseko sigletatik) lotutako 50 egitasmo inguru aurkeztuko dabe.
Helburu bikotxa
Alde batetik, heziketa-sareak bokazino zientifikoak biztu eta sustatu gura ditu ikasleen artean eta, bestetik, azken urteotan ikastetxe eta ikastoletan ezarritako metodologia barritzaileen -batez be egitasmo eta erronketan oinarritutako ikaskuntza- emaitzak agertzera emon.
EBI
EBI sareak 17 ikastetxe -ikastolak, ikastetxeak, lanbide heziketarako ikastegiak- ditu Bizkaia osoan. Hamabi mila ikasle inguruk dihardue bertan ikasten ta 1.000 inguru dira irakasleak. Sare honetan batzen diran ikastetxeetan haur hezkuntza eskaintzen dabe 0 urtetik hasita, lehen eta bigarren hezkuntza, batxilergoa, lanbide heziketa maila guztietan, heziketa berezia eta lanerako heziketa.
Bihar, ikasleek egitasmo barritzaileak aurkeztuko dabez, esate baterako, automobil elektrikoak, askotariko programazino-sistemez egindako robotak, sistema hidraulikoak, simulazinoa, mikromobikortasuna, 3D imprimatzea, patineteak, e-bikeak, zientzia-zabalkunderako ekimenak, joko zientifikoak eta hamaika esperimentu, besteak beste.
Heziketa-talde aitzindaria
EBI sarea aitzindari da jakintzagai zientifiko eta teknologikoak bultzatzeko baliagarri diran heziketa-eredurik aurreratuenak ezartzean. Aizindari izan da, gainera, robotika eta xakea lako jakintzagaiak eskola-curriculumaren barruan irakasgai lez sartzen, adimen logiko-matematikoa sustatzeko helburuagaz.