Ermuan
Atzo -domeka-, Osasun Pastoraltzarako taldea aurkeztu eben Santiago Apostolua parrokiako meza nagusian. Taldea parrokia alkartearen esanetara jarri da Jesusen mezua osasun eta gaitxotasunaren eremuan agertzera emoteko eginkizunari jarraipena emon guran. Azken hamarkadan taldeko arduradun izan dan Luisa Hernansanzek kargua itzi eta Victoria Lagek hartu dau bere lekua.
Durangon
Zapatuz, Tabira Pastoral Barrutiko (PB) hainbat arlotakok berrogei boluntario inguru batu zan Egoitz Zabala Aita Menni ospitaleko kideak gidatu eban saioan. Frantzisko AIta Santuak Gaixoaren Munduko Egunerako idatzi dauan mezuaren inguruan jardun eban Zabalak eta partaideek oso ondo baloratu eben saioa.
Barakaldon
Zapatu goizez, Osasun Pastoraltzarako Barakaldo Pastoral Barrutiko (PB) boluntarioek osoitz-erretiroa ospatu eben. Saioan parte hartu eban Marisa Ariasek amaieran azaldu ebane, “Laura Etxeberria Osasun Pastoraltzarako Eleizbarrutiko arduradunak zentzuz gidatu dau bidaia hau. Berak aurkeztu deuskuzan Hitza eta eragileak abiapuntutzat hartuta, gozatu egin dogu eta gaur ospatzen doguna geure fede eta bizitzagaz lotu dogu, hau da Jainkoak xumea eta apala bere egin eta handitu egiten dauala eta, beste inok baino lehen maite izan ginduzanak eutsita, konfiantza izatera eta maitatzera bultzatzen gaituala sentitu dogu”.
Autorpena eta esker ona adierazo eutsen, batez be, egoitzetan eta landa-eremuetan laguntzen daben pertsona nagusiei. Ariasen esanetan, “gutako asko eta asko be, apurka-apurka, bizitzaren ilunabarrera hurreratzen ari garala autortuz. Gure bihotzetik, esker ona ataraten da Jainkoarentzat opari emon deuskun guztiagaitik, baita eta batez be, ahultasuna zuzenean bizi dogunean”.
Basaurin
Asteburu honetan, gaixoaren eguna ospatu dala-eta, 120 lagunek gaixoen oliadura hartu dabe San Fausto PBko bost parrokietan. PBtik azaldu dabenez, “helduek, familiek eta katekesiko umeek harrera eta lagun egin deutse normalean gure ospakizunetan laguntzaile eta harreragile izaten diran pertsona nagusiei. Osasun Pastoraltzarako taldeak prestatu ditu, ekipo ministerialagaz batera, alkarte seneko ospakizun hunkigarri honeek”.
Eukaristia, gotzaina buru dala, katedralean
On Joseba Segura gotzainaren esanetan, zapatuko eleizkizuna aukera ederra zan, alkartean gauza bi ospatzeko: lehenengo, fededun esperientziaren zati dan ahultasunaren esperientzia, “telebistan gazte eta eder ez dana agertzen ez bada be, bizitza guzti hori da, hau da, ahultasuna bizitzea eta onartzea be bada eta, horregaz batera, gaixotasunaren esperientzia bizitzea eta gero, jakina, era batera edo bestera, gaixoen akonpainamenduan jarduten daben pertsona guztiei autortza egitea eta pertsona horreengaitik Jainkoari eskerrak emotea”.
Gotzainak esker ona adierazo eutsen biziaren alde lan egiteko hautua egin daben osasun arloko profesional guziei: “Profesionak honeen lana eta ardura ezinbestekoak dira momentu batean -ondo gatoz eta bat-batean, gaixo sentitzen gara zer gertatzen dan ulertu ezinda- iristen jakun esperientzia horri erantzuna emotean. Batez be, gaixotasunetik sendatzea itxaroten dogu eta profesional horreek alderdi teknikoak eta gaixotasunen tratamendua lehenesten dabez. Batzuetan, gaixoen aldeko osoko arreta eta zaintzari dagokiozan beste alderdi batzuetan hainbesteko heziketarik jasoten ez daben pertsonak dira, baina askok eta askok, egunez egun gaitxotasunaren ondoan biziz, gizatasunean irabazi egiten dabe eta gizakiaren alderdi barriak ulertzen dabez. Horregaitik, aberastu egiten dira eta gaixoen beharrizanei -itxaropena, gaixotasunetik sendatzeko aukerak…- erantzuten saiatzen dira. Izan be, gaixoek ezinbesteko dabe gertutasuna, entzutea eta akonpainamendua eta, egia esan, gero eta gehiago baloratzen eta zaintzen da guzti hori. Horregaitik, eskerrak emoten deutsadaz Jainkoari profesionalen lanagaitik”.
Gaur egungo osasun egoerea be aitatu eban: “pandemiaren eraginpean igarotako urte gogor biren ostean, eta gaixotasun horren eragin zuzena arindu egin dala emoten dauanean, bigarren mailako ondorioek iraun egiten dabe: atzerapenak era guztietako arretetan, sasoiz heldu ez diran kirurgiak… eta gure autortza eta esker ona merezi daben osasun arloko langileak presino pean dagoz oraindik”.
Frantzisko Aita Santuaren berbak aitatu ebazan: “osasun arloko jentearen ardura eta eskubabaltasuna nabarmendu nahiko neuke, euren eskaintzagaz makina bat gaixo eta honeen senide kontsolatu eta zerbitzatu dabe-eta, profesionaltasunak eskatzen dauanetik harago joanez, hurkoarenganako benetako maitasunaz. Beste aldera ez begiratzea edo, beste barik, gitxieneko batzuk beteteaz es konformatzea erabagi daben emakume eta gizonez osatutako talde jentetsu isil horrek gaixoen sufrimentua eurenganatu egin gura dabe, gaixoak anai eta arrebatzat sentitu dabez-eta eta giza familia bereko anai-arreba lez zerbitzatu”.
Azkenean, esker ona adierazo eutsen kristau alkartean, astia hartu eta sentiberatasuna erakutsiz, “gaixoak bisitatu eta laguntzeko agindu ebanjelikoa beteten dabenei. Horreetako bat bisitatu eta horreetako batengana hurreratzen diranean, Kristo bera aurkitzen dabe-eta euren zain, zerbitzu hau onartuz eta eskertuz. Eta alderdi honetan, jakina, ezinbestekoa da gure Eleizbarrutiko Osasun Pastoraltzan jarduten daben emakume eta gizonak autortzea eta nabarmentzea. Arlo horretan zagozen askok eta askok hamaika istorio eta esperientzia kontatu daikezue, beste hau islatzeko: gzixotasunean, benetako topaketa gertatzen danean, ezusteko galantak izaten dirala eta kontrakoa emoten eban lekuan, bakea aurkitzen dala, benetako bizipena, bizipen sakona, gizalegez bizitzea zer dan erakusten deuskuna. Poza eta itxaropena be aurkitzen dau, doako alkartze horreetan, solasaldi hunkigarrietan, ohikoa danez. Pertsona horreek, Kristo bera dira. Eta Kristok sendatzen eban lez, eurek be ikutu egiten dabe, sendatu, bakotxak bere ahalmenen arabera”.
Gaixoaren Eguneko Eukaristia: