02-05-2024 Jueves, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Andoni Erkoreka abadea hil da, “gizon alai, apal eta ona”
27.04.2023

Andoni Erkoreka abadea hil da, “gizon alai, apal eta ona”

Atzo hil zan Bilbon Andoni Erkoreka Ugalde Eleizbarrutiko abadea 88 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna gaur arratsaldez ospatuko da Errigoitiko Andra Mari parrokian, 18:00etan, Jose Mari Kortazar V. bikaritzako lurralde bikarioa buru dala. Urteera-meza, maiatzaren 14an izango da.

Andoni Erkoreka Errigoitin jaio zan 1935.eko martxoaren 21ean eta Bilboko Asiseko San Frantzisko parrokian egin zan abade, 1959.eko ekainaren 28an.

Abade egin eta Ibarruri eta Magunan egon zan abade lagunkide lez. Ondoren, Comillasen egon zan denporaldi batez ikasketak egiten eta itzuli zanean, Axpe-Busturiako abade lagunkide izendatu eben. 1966 eta 1968 bitartean, soldadutzan, kapilau izan zan. Beranduago, Erandio-Goikoan egon zan, hemen be abade lagunkide lez. 1987tik hasita, Mundaka, Busturia eta Sukarrietako abadeen taldeko kide izan zan eta Sukarrietako parroko 2011an erretiroa hartu eban arte.

Adeitsua eta apala

Bego Andonegi Mundakako parrokiako erreferentearen esanetan, gizon zintzoa, apala eta ona zan, adeitsua, beti irribarrez egoana. Andonegik alkarlanean jardun eban beragaz “Mundakara iritsi zanetik beragaz batera prestatu neban bere agurraren egunera arte”. Begok makina bat ardura eban bere gain: mezen emonaldiak ETBtik, katekesia, Lehenengo Jaunartzeak, liturgia, Eleizbarrutiko kanpainak…, eta azaltzen dauanez, “beti izan neban bere babesa eta konfiantza”. Azkenaldian, bat egin dabenetan, alkarregaz bizi izandako uneak maitasun handiz gogoratu izan dabez. 

Herriko abadea

Jose Mari Kortazar abade laguna, 1987an egin zan abade Mundakan, Erkoreka bertako parroko zanean. Kortazarrek hartu-emon estua izan dau beti beragaz eta parrokian laguntzen eban bere aitagaz eta bere esanetan, gizon alai eta oso langilea zan eta gauzez gozatzea gustatzen jakon. “Herriko abadea zan”, oso ezaguna herrian, eta aldarte onekoa, “etsai gitxi eban gizona”. 

Lagunartekoa eta etxekoa

“Osaba Josek”, etxean deitzen eben lez, beste hiru anai izan ebazan. Anai nagusiaren alaba dan Sorkunde loba bakarraren esanetan, osaba beti izan zan familartekoa. “Anaiek beti lagundu izan deutse alkarri, bakotxaren beharrizanen arabera; berak ahalegin guztiak egiten ebazan familiaren alde, adi egoten zan eta denporaldi batez nahiago izan eban anaiagaz bizitzea beroni laguntzeko”. Bere burua zaintzeko lain ea bazan, egoitzara joango zala esan eban Andonik behin baino gehiagotan eta horixe egin eban azken urteetan, moldatzeko arazoak izan ebazanean. Bilboko San Bizente Abade-etxean bizi izan zan eta Sorkundek hartu-emon estua izan dau osabagaz azkeneraino. Pandemia eta itxialditik hasita, gainera, berak eta seme-alabek bideodeiak egiten ebezan Andoni ikusi eta beragaz hitz egiteko, eta joan dan barikuz egin eben azkena.

Goian bego eta Egun Handira arte!

Andoni Aldekoa