26-04-2024 Isidoro, obispo y doctor
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Jose Mari Larruskain “alkartasuna eragiten eban gizona” hil da
06.03.2023

Jose Mari Larruskain “alkartasuna eragiten eban gizona” hil da

Barikuan hil zan Bilbon Jose Mari Larruskain Eleizbarrutiko abadea, 84 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar -martxoak 7, martitzena- ospatuko da, 18:00etan, Markinako Andra Mari parrokian.

Larruskain, 1939.eko urtarrilaren 5ean jaio zan Beasainen (Gipuzkoa) eta 1964.eko ekainaren 30ean egin azan abade, Bilboko San Fernando parrokian.

Abade egin eta Muruetan jardun eban ekonomo lez eta ondoren Sondikan, lehenengo abade lagunkide lez eta, beranduago, abade taldeko moderatzaile lez. Mungia eskualdeko ordezkari be izan zan gero eta 1987tik hasita Ermua eta Mallabian jardun eban pastoralgintzan. Abade Kontseiluko kide izan zan 1996tik 2000era eta 2011n Galdakao Pastoral Barrutiko abadeen taldean sartu zan erretiratu arte. Gaur egun, Erruki-etxean bizi zan eta hantxe hil zan joan dan barikuz.

Gertukoa eta erabakitzailea 

Miren Leanizbarrutia Mallabiko parrokiako kideak honan gogoratzen dau Jose Mari Larruskain, Ermuko parroko zaneko sasoian: “gizon serioa zan, baina, aldi berean, gertukoa eta baita erabakitzailea be”. Sasoi haretan, Mallabiko parrokian parrokoa egoan eta Ermuak eta Mallabiak bakotxak bere aldetik funtzionaten eban baina, era berean, abadeen talde bakarra arduratzen zan biez eta horregaitik “Jose Mari etorten zan Mallabiara be. Erabagi pastoral esanguratsuak hartu behar izan ebazan, esate baterako lehenengo jaunartzeen, e.a., inguruan, beharbada jentearentzat gustuko izan ez ziranak, baina ezinbestekoak fedearen bizipen hoberako eta erabagi horreek sendotasunez, argumentatuta, errespetuz eta kontzientzian hartu ebazan, disgusturen bat edo beste ekarri arren”. Leanizbarrutiak Miguel Angel Blancoren bahiketa eta hilketaren egun triste eta dramatikoak gogoratzen ditu batez be. Orduan, “Jose Marik, egundoko amorru eta atsekabe ha otoitzaren bidez bideratzen lagundu euskun. Miguel Angelen senideengandik gertu egon zan eta, gainera, ederto kudeatu eban ordezkari instituzional, politiko eta sozial gorenak batu ebazan Blancoren hiletaren inguruko alderdi instituzional eta formala. Ermutik joan zanetik egon izan naz behin edo behin beragaz eta beti jaso izan dodaz berarengandik maitasun eta adiskidetasunezko hitzak bai neuretzat eta bai neure etxekoentzat be. Goian bego!”.

Gizon ona

Anton Linaza abade eta lagun minak sarritan bisitatzen eban Jose Mari. Linazak atsekabez hartu dau adiskidearen agurra. Honen esanetan, Jose Mari, batez be, “gizon ona izan zan, pertsona ona, horrexegaitik nabarmentzen zan batez be: bere ontasunagaitik, eta jenteak asko estimatzen eban hori”. Kurtso beran egon ziran eta Larruskain “kurtsoko idazkari edo bozeroalen antzekoa” zala dino, berak egiten ebazalako bazkari eta topaketetarako deialdiak eta gai interesgarrien barri emoten eutselako taldekideei. Linazak azaldu dauanez, “eraginkorra zan, handinahi bakoa, gizon estimatua, inork ez eban-eta berataz ezer txarrik esaten”. Eta, “alkartasuna eragiten eban, eta horixe da niretzat pertsona ona izatea. Ontasunean laburbildu daikegun Jose Mariren doe guztiak”.

 Lagunen laguna

Jose Luis Iza abade lagunaren esanetan, “gizon ona eta abade ona joan jaku”. Markinara, arrebaren etxera bizitzera joan zanetik, astero batzen ziran kafea hartzeko “eta Eleizbarrutiaren eta azkenera arte hartu-emonean egon zan abade lagunen barriak ekarten euskuzan. Jakinaren gainean egon da beti, orokorrean, Eleizaren eta, zehazki, gure Eleizbarrutiaren inguruko kontuez”. 

Iza, hasieran, Sondikan izan zan abale lanetan. “Jose Mari zan parrokoa eta maitasun handiz hartu ninduan laguntzaile lez. Egiten izten eban; ez zan lanerako eremua izendatu eta bakarrik izten zinduzan horreetakoa. Gauzen bilakaeraz arduratu egiten zan. Gainera, Izak gogoratzen dauanez, erretiroa hartu eta Markinara, Inmaculada arrebaren etxera etorteaz batera, laguntzeko prest agertu zan: “Arduradun nintzan alkarte guztietako ospakizunen ‘mapa’ egiten nebala azaldu neutsan eta inongo eragozpen barik joaten zan gure ardurapean egozan 8 herrietako 9 parrokietara. Parrokia guztietara joan zan, gaixotu zan arte. Gure parrokietan, domekako liturgian aritzen daben guztiek oroitzapen ona dabe Jose Mariz eta bere ontasun eta adeitasuna nabarmentzen dabez. Bere gaixotasun eta erretiroa dala-eta, Jaunaren Eguneko ospakizunak martxan jarri behar izan doguz parrokia guztietan, ezinezkoa dalako danetara joatea hileko domeka guztietan. Derrigorrezo ‘erabarritze’ honen jakitun, zelan konpontzen ginan galdetu izan deutsot zelanbaiteko kezkaz neure buruari”.

Izaren esanetan, Jose Mariri asko kostatzen jakozan lekualdaketak, “oso urduri jarten zalako”. Dana dala, “laster moldatzen zan parrokia barrira. Gizon urduria zan, dana ondo lotuta eukitea gustatzen jakon, baina ez neban sekula hasarre ikusi. Baeban ironia-puntua be, gertukoenakaz erabilten ebana, ezezagunenak irauntzerik ez ebalako nahi. Lagunen laguna zan. Lagun zaharrakazko eta egon zan parrokietako jenteagazko hartu-emon askori eusten saiatu zan”.

Larruskain

Zuzenean

2014an, abadegintzaren urrezko ezteguak ospatzen ebazala-eta, Jose Mari Larruskainek alkarrizketa eskaini eutsan “Alkarren Barri / Comunicación” aldizkariari. Orozkoko Muruetako San Pedro parrokian hasi eta Galdakaoko parrokian amaitu eban 50 urteko abade-ibilbidea gogoratu eban: “Nire egitekoa, pastorala eta soziala izan da beti; parrokietan aurkitu izan dozan jentearen beharrizanei erantzutea izan dot xede”. Lehen urteak gogoratzen ebazan, Seminariotik urten barri egoala, “ilusinoz betetako saioa zan, indartsu sentitzen ginan. Kontzilioa amaitu barri egoan eta itxaropena zabaldu zan”.

Alkarrizketa horretan, Ermuko parroko zala gertatu zan Miguel Angel Blancoren hilketa be gogoan izan eban: “Egun gogorrak izan ziran. Ezin neban lorik egin, ezinezkoa. Gaia hozten joianean, gaia ahazten joianean, gurasoak bakar-bakarrik egozala konturatu nintzan. Ia ez jakien inor hurreratzen. Sarritan deitzen neutsen eta luzaroan bisitatu nebazan. Ezinbestekoa eben semea gogoratzea. Oso gertu egon nintzen familiatik”.

Jose Mari, esker oneko gizona zan eta bere abadegintzaren 50. urteurrenean be esker ona adierazo eban izan zan leku guztietan euki ebazan abade lagun, laiko eta pertsona guztiengaitik: “lagudu eta adore emon deuste une gatxetan; nire eskerrik beroena, batez be, euren adiskidetasuna eskaini deustienei”.

Goian bego eta Egun handira arte!