22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Eleizbarrutiko abadeak 5 “Heriotza, bIzitzako aldi natural lez hartu behar dogu”
08.02.2024

“Heriotza, bIzitzako aldi natural lez hartu behar dogu”

Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko 'Hobeto zaintzeko' Institutuko zuzendari dan Jacinto Batiz medikuak gidatu dau gaur Bilbon Ministerio Ordenatuari zuzendutako saioa. "Biziaren azkena: Bioetika, zaintza aringarriak eta akonpainamendua" goiburuaren haritik, kultura aringarrien inguruan jardun dau: "nire ustez, gure gizartean, jenteak ondo daki zer dan medikuntzaren  kultura prebentibo eta sendatzailea baina ez hainbeste medikuntzaren kultura aringarria, eta ez dakit zergaitik, batera garatu beharreko hiru diziplina dira-eta". 

Batizek azaldu dauanez, gaixotasunari aurre egiteko gauza ez garanean, eta sendatu ezin dogunean, “zeozer egin behar dogu eta une horretan sartzen da medikuntza aringarria”.

Batiz

Batizen ustez, kultura aringarriaz hitz egitea funtsezko da “herritarrak ahaldundu daitezan eta arreta hau be eskatu daien, gaur egun ez dago-eta bermatuta gure estatuan”.

Berbaldian, hainbat konturen inguruan jardun dau, esate baterako, “zaintzen jakiteaz. Batez be, akonpainamenduaren medikuntzak eta giza gertutasunaren medikuntzan oinarritzen dan medikuntzaz eta biziaren azkena lako une hain gatxean arreta eskaintzean agertzen diran zalantza etikoak zehazteaz”.

Sedazino aringarriaren eta eutanasiaren artean dagozan aldeak be azaldu ditu, izan be, “batzuetan, nahastatu egiten dira. Herritarrek nahastatu egiten dabez kontzeptuok. Sedazinoa, eutanasia dala uste dabe, eta ez da holan”.

Batiz

Bildurra

Bere esanetan, “heriotzari aurre egiteak bildurra emoten deuskula pentsatzen dot, ukatu egin gura dogu, alde batera itzi; heriotzaz hitz egitean, heriotzaz kutsatu egingo garala emoten dau”.

Azaldu dauanez, geure burua hilezkortzat dogu, “gizartea, une honetan, jabetu be ez dalako egiten ziurtasun honegaz: hil egingo garala, hemen gagozanon %100 hil egingo garala. Ez dogu kontuan hartzen eta gogoratu be ez dogu egiten. Profesionalek, hilzorian dan gaixoaren aurrean gagozanean, geure heriotza gogorarazoten deuskuenean be, ez dogu onartzen, heriotza, porrot profesional lez ikusi eta ez dogu onartzen. Eta, nire ustez, heriotza bizitzako aldi natural lez hartu behar dogu, aurrez aurre begiratu behar deutsagu eta zelan aurre egin ikusi”.