21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Nazinoarteko autormena Somorrostroko Jon Barruecok eskola-jazarpena antzemateko egin dauan egitasmoari
24.01.2023

Nazinoarteko autormena Somorrostroko Jon Barruecok eskola-jazarpena antzemateko egin dauan egitasmoari

EBI Eleizbarrutiko ikastetxeen sarean txertatuta dagoan Somorrostro ikastegiak aurkeztu dauan "BucovIA" egitasmoari -Adimen artifizialaren tresna gelan eskola jazarpenaren zantzuak antzemateko- saria emon deutse heziketa-barrikuntzaren sailean, kalitatearen arloan barrikuntzari emoten jakozan sarien XVI. ekitaldian. Jon Barrueco Somorrostro ikastegiko irakaslea izan da egitasmoaren buru. Eurakaz batera, Donostiako Nazaret ikastetxeak eta Bilboko Zabalburu ikastetxeak parte hartu dabe. 

Somorrostro ikastegian irakasle eta ikerlari dan Jon Barrueco telekomunikazinoetan doktore da eta aurretik be saritu eben bere lana.2021ean Educaweb Sari Nazionala jaso eban 35 urtetik beherakoen kategorian heziketa-egitasmorik onenari emoten jakon saria, hain zuzen. Bilbao Al City Leader izendatu eben. Jonek aurkeztutako Adimen Artifizialean (AA), orientazinorako eta ikasleen aldez aurreko informazinorako profesionalen taldeak sortutako online galdeken bidez, ereduak antzeman daitekez, LHko ikasleek aukera onenen barri izan eien “motibazinoan, emaitza akademikoetan eta etorkizun profesionalean”. 

Eskola jazarpena antzeman

Oraingo honetan be autormena jaso dauan egitasmoa adimen artifizialaren erabileran oinarritzen da, eta eskola jazarpena antzematea dau xede. Jonen beraren esanetan, bere esperientzia pertsonala –“Bullinga” jasan eban txitxitan- lagungarri izan dau egitasmoa prestatzeko. Gaztelaniaz, euskeraz eta ingelesez eskuratu daiteken aplikazinoak 35 galderaz osatutako galdeketa anonimoa aurkezten dau eta ikasleek banan-banan erantzuten dabe. Dagoeneko frogatuta dagoan algoritmoak ezkutuko ereduak antzeman leikez gizakiak ikusi ezin leikezan milaka daturen artean.

Jonek azaldu dauanez, txikitan jasan eban “Bullingaz” gainera, gaztaroan beste gertaera latz bat be bizi izan eban eta horrek be arrasto sakona itzi deutso: ama hil jakon gaixotasun azkarraren eraginez. “Ez neban amari laguntzeko bitartekorik, baina beti izan dot beste batzuei laguntzeko nahia. Horixe izan da nire bokazinoa, lagundu ahal izatea, sufritzen dagozanen lekuan jartea, eurei laguntzeko, eurak kontuan hartzeko ahalegintxoa egiten diharduen pertsonak dagozala jakin daien. Euren aurrean dagozala, bakarrik ez dagozala jakin daien. 

Hauxe da, arazoa hastapenetan, sustraitu baino lehen antzemteko gauza dan lehenengo bitartekoa. “Badakigu zer gertatu leiken eta gelan probatzen dogu egoera. Berdez, horiz edo gorriz dagoan ikusten dogu”. Garatzeko prozesuan dago eta prototipo erara erabili izan da, ehuneko 90eko eraginkortasunagaz. Jonen esanetan, orain algoritmoa hobetzen dihardut eta gero jarriko da produkzinoan”.

Jon Barruecok bost urte daroaz lanean Somorrostron eta “poz-pozik” dagoala dino. Irakasle eta ikasleei aukerak emoten deutsazan zentroa izatea eskertzen dau. “Eurakaz gizarte eran, eta ez era teknikoan bakarrik, lan egin neike eta egitasmo honeek garatzen aukera be badot”. Hain zuzen be, une honetan beste egitasmo baten dihardu, enpreseta, langileen ongizate emozionala probatzen: laneko jazarpena, teknoestresa, ‘erreta’ dagoenaren sindromea…

Jonen ustez, autormen honek zera erakusten dau: “adimen artifiziala pertsonen ongizate emozionalerako be erabili daitekela, horixe dalarik bere ustez datozan 10 urte ingurutan hedatuko dan pandemia handia. Gai psikosozialean, adimen artifizialak funtzionatu egiten dauala erakutsi da”. 

Jon Barrueco

“Guzti hau egitasmo hutsetan ez geratzea nahiko neuke eta produktu zehatz bihurtu daitela eta behar dauanak erabili daiala: ikastetxeetan, familietan…” (Jon Barrueco)

Teknologia pertsonen esanetara

Somorrostro ikastegitik azaldu dabenez, egitasmoa adimen artifizialaren erabileran oinarritzen da, berau funtsezko teknologiatzat hartuz bullying kasuak antzemateko.Algoritmoen garapena landu dabe jazarle, biktima eta begirale rolak antzemateko. Bullyinga antzemateko proba zientifikoen azterieta, galderen hautaketa eta BucovIA (berariazko definizino-galdeketa) galdeketa erantzutea.

Kalidadearen arloan barrikuntzari emoten jakozan Sarien XVI. ekitaldi honetan, barrikuntzarako 728 egitasmok -20 herrialde ingurukoak- parte hartu dabe.

Sari-banaketa, otsailaren 23an ospatuko da Almatyn, Kazajistanen.

Somorrostro
Irudia: RODNAE Productions

Euskadiko saria barrikuntzari heziketa arloan

Beste alde batetik, abenduaren 14an banatu ziran Kudeaketa Aurreratuaren Euskadiko Sariak. Euskadin kudeaketari dagokionez aurreratuen dagozan eta jardute onenak dabezan erakundeak autortzea da sarion helburua.Somorrostro ikastegiak jaso eban Kudeaketa Aurreratuari Estrategia arloan emoten jakon sari nagusia (2020an urrezko ‘A’ be jaso eban). gehiago jakiteko: hemen.

Somorrostro