Barriak
Etiquetado como: Encarnación
Domekaz, “Ibiltari 2024”, ibilaldi solidarioa Durangon
Datorren domekaz, abenduak 15, "ibiltari" ibilaldi solidarioa ospatuko da Durangon, San Jose Jesuitak, Ellacuria Fundazinoak eta Alboan GKEak sustatuta. Zazpi kilometroko ibilaldi honen bidez, ahulezia larrian dagozan pertsonei laguntzeko izango da, besteak beste, Libanon desplazatuta dagozanei edo Valentzia inguruan gertatu dan hondamendiaren biktimei laguntzeko.
Berbaldia Markinan Eleizbarrutiaren historiari buruz
Kurtso honetan, Bilboko Eleizbarrutiak bere 75. urteurrena ospatzen dihardu eta horren inguruan antolatutako jardueretako bat bihar -abenduak 12, eguena- izango da Markinako Mesedetako Ama eleizan, 18:00etan. Hain zuzen be, Gaspar Martinez Kultur Gai eta Ondasunetarako saileko arduradunak berbaldia eskainiko dau (euskeraz), Eleizbarrutiaren historia ardaztzat hartuta.
Jose Antonio Sanchez gizon apal eta adeitsua hil da
Jose ANtonio Sanchez Gorostiza abadearen arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar -abenduak 12, eguena- ospatuko da 19:00etan, Abandoko San Bizente Martiria parrokian. San Bizente Abade-etxean bizi izan da urte askotan eta etxeko zuzendari izandakoa be bada. Poitiersen (Frantzia) jaio zan orain dala 87 urte eta Derioko Seminarioan egin zan abade 1962an. Goian bego!
Gospel kontzertu solidarioa Bidesariren alde
Datorren zapatuz, abenduak 14, 19:30etan, Bilboko Gospel koruak kontzertua eskainiko dau Bidesari alkartearen alde, Areetako Andres Isasi entzunaretoan. Ekitaldiaren antolaketaz arduratu dan Areetako Mesedetako Ama parrokiako Kartzela Pastoraltzako taldeak Bidesariri emongo deutso batu daiten dirua, kudeatzen dituan pisuetan erabili daian. Sarrerak (10 euro): hemen eta leihatilan, kontzertua hasi baino ordubete aurretik.
GESTOri buruzko proiekzinoa barriketaldiagaz
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 76. urteurrena dala-eta, Gogoan- por una memoria digna taldeak ekitaldi bi antolatu ditu Gernika-Lumon. Gaur -abenduak 10, martitzena-, Kepa Aulestiak berbaldia eskainiko dau, “Una comunidad decente: carencias y retos de la convivencia en Euskadi” bere liburuan (2023) jasotako gogoeten haritik, 18:30etan, Elai-alai aretoan. Beste alde batetik, bihar, Xuban Intxaustik zuzendu dauan eta giza eskubideei buruzko New Yorkeko jaialdirako aukeratu daben 'Gesto' dokumentala proiektatuko da. Emonaldia, Pastoral Barrutiagaz batera antolatu dabe.
Juan Mari Garatea hil da, gizon on eta laguntzailea
Joan dan domekaz, abenduak 9, Juan Mari Garatea Goicochea abadea hil zan 88 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar -abenduak 11, eguaztena- ospatuko da, 19:00etan, Lekeitioko Andra Mari basilikan. Euskal diasporako alkarte batzuetako kapilau izan zan Ipar Amerikan.
Abandoko San Bizente eleizako organoaren tutuez egindako Abendualdiko koroa
Bilboko Abandoko San Bizente Martiria parrokiak Abendualdiko koroa berezia jarri dau altaran, organo-tutuez eginda, eleizako organoan burutzen diharduen zaharbarritzea gogora ekarteko. Koroa, benetan originala da, bere berariazko sinbolismoa eta eleizaren nortasunean funtsezkoa dan organoa, bere balio historiko eta musikalari eusteko konpontzen diharduena, buztartzen ditu-eta.
"Alkarte abegitsuetarantz", ETPIak antolatutako ekitaldia
Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak hartu-emonerako ekitaldia antolatu dau, abegiaren eta alkarte inklusibo izatearen inguruko esperientziak batera jarteko. Datorren eguenez, abenduak 12, izango da Barria eraikinean (Plaza Barria 4, 1. solairua, 18:30etan), honako honeekaz: Mertxe Sagastizabal (Eskaut Durango eta San Antonio ikastetxea), Fredy Martinez (Sestao eta ospitaleetako arreta erlijiosoa), Maria Martin (EKO-ACG eta Errekarte PBa), Josu Beaskoetxea (CVX alkarteak eta Alonsotegi) eta Fernando Marcos (Areeta-Romo PBa).
Eleizbarrutiko barriak argazkitan
Kurtso honetan, Eleizbarrutiak bere sorreraren 75. urteurrena ospatzen dihardu eta datozan hilabeteetan oroitzapenezko hainbat jarduera ospatuko da, besteak beste, 75 urteko historian izan diran gertaera gogoangarrietako batzuk jasoten dituan panelen erakusketa. Eleizbarruti osoa zeharkatzen diharduen panelok Begoñako basilikan jarri ebezan barikuan eta gura dauanak ikusi leikez. Asteburuan, bainera, Seminarioaren Eguna ospatu da eta Mª Jesus Lorenzo lekaimeari emon deutse 'Barakaldo solidarioa' saria. Ondoren, barri honeen eta beste hainbaten errepasoa.
Eleizbarrutiko ordezkaritza JOCen Biltzar Nagusian, Huescan
Kristau Gazteria Langileak (JOC) 50. Biltzar Nagusia ospatu dau Huescan. Bilboko Eleizbarrutiko 6 militante (bat, sarbidean) eta 3 konbidatu heldu izan dira bertan: Ethan, Ainara, Patricia, Nagore, Eneko, Victor, Nacho, Virginia eta Pepelu.