Arrantza Eskola barria -jolastokiak kanpo itzita 2.500 metro karratu baino gehiago ditu-, Lea Artibai eskualdeko heziketa-eskaintza zabaldu eta hobetu egingo dauan, heziketa-aitzindaritza bere gain hartuko dauan eta une garrantzitsu honetan, itsas-arrantza arloa sustatuko dauan egitasmo barritzaile bihurtuko da.
Antiguako Ama Arrantza Eskolak zuzendaritza barriagaz ekin eutsan ikasturteari: Bittor San Millan Intxaustik 2022ko uztailera arte eskolako zuzendari izan dan Mikel Santisoren lekua hartu dau. Santiso aurretik erretiratu zan, zuzendaritzan 12 urte emon eta gero.
Orain dala urte bete ingurutik dago lotuta San Millan Arrantza Eskolari. Joan dan kurtsoan, bere gain hartu ebazan instalazinoen lekualdatzetik eratorritako ardurak eta kanpo hartu-emonak. Aurreko zuzendariaren laguntzagaz, apurka-apurka bere gain hartu izan ditu aurrerantzean zuzendari lez garatuko dauan hainbat erantzukizun.
Antiguako Ama Arrantza Eskolako zuzendari barria lizentziaduna da Marina Zibilean (Nautika Saila), Bilboko Marina Zibileko Goi Eskolatik. Hogeta hamar metroko belaontziaren diseinu eta kalkuluan oinarritu zan bere karrera amaierako egitasmoa eta Bizkaiko Merkataritza-ontzidiko Kapitainen Kolegioaren sari berezia lortu eban.