Begoñako organoaren doinuakaz hasiko da ‘Bilbao hiria’ nazinoarteko jaialdia. Guztira, lau kontzertu izango dira. David Briggs New Yorkeko St. John The Divine katedraleko organista egoiliarrak eskainiko dauan kontzertuan, erromantizismo frantses eta europarreko piezak joko ditu, tartean J. S. Bachen lanak eta bat-bateko saioa, Briggs aditua da-eta genero honetan.
Maiatzaren 20an, zapatuz, Mar Vaquék, 1. saria Ochsenhauseneko Joseph Gabler nazinoarteko organo-lehiaketan, XVIII. gizalditik XX. gizaldira arteko musika aleman eta frantsesa eskainiko dau Santutxuko Karmelo eleizako Cavaillé-Coll organoaz (1894) baliatuz.
Hurrengo zapatuz, maiatzak 27, organo eta tronpetaz osatutako bikoteak jardungo dau: Santiago Banda organista eta Donostiako Kontserbatorioko irakalseak eta Enrique Abello Palentziako Kontserbatorioko irakasleak. Barroko frantses, aleman eta italiarreko pieza ezagunak joko dabez, besteak beste, Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako O.E.S.A. organo neoklasikoan (1968).
Jaialdiko azken kontzertua Deustun ospatuko da ekainaren 4an, Virgile Moninen eskutik. Frantziako Arte Ederren Akademiak emoten dauan Jean-Louis Florentz organo-sari nagusia dan honek Rachmaninov, Haendel edo Ginasteraren lanen transkripzino sinfonikoa egingo dau San Felicisimo eleizako organo sinfonikoan (G. Aizpuru-S. Eleizgaray, 1963).
Sarrera doan da kontzertu guztietan, eleizetako leku guztiak bete arte eta pantaila handian emongo dira bertaratutakoek artisten jarduna bankuetatik ikusi daien.
Ezagutzen dozuz Bizkaiko organo onenak?
Aurreko kurtsoan, Alkarren Barri-Comunicación aldizkarian, Bizkaiko eleizetako organo garrantzitsuenen ezaugarriak jaso ziran.
Joan dan apirilean, komunikazinorako Eleizbarrutiko sailak puntarengo organoen inguruko bilduma eskaini eban.