Ez da Somorrostro ikastegiak Senegaleko Gandioleko alkarteari laguntzen deutsan lehenengo aldia. Orain dala hainbat urte emon ziran lehenengo urratsak Aminata kultur-etxearen –2015eko irailean Senegalen jasan eban trafiko-istripuz hil zan Nerea Perez-Arrospide Getxoko arkitektoaren omenez– egitasmoagaz batera. Mamadou Dia senegaldarrak sortutako Hahatay (Irribarreak) alkartearen bidez sortu zan lankidetzarako aukera hau.
Hahatay alkarteko laguntzaile dan Roberto Miguel Gamarra Somorrostro ikastegian joan dan kurtsoaren amaieran, Gandiolen ura gezatzeko ebezan zailtasunak ikasleei azalduz. Zerbait bakuna, mekanikoa, azpiegitura larregi bakoa eta eurek han erabilteko modukoa behar eben. Energia barriztagarriak irakasgaia ikasten ziharduen ikasleei egitasmoa garatzeko aukera emon jaken ziklo amaierako moduluan txertatuz, eta talde batek hori lantzen jardun izan dau azken hilabeteotan.
Aurkezpena maiatzean
Datorren maiatzean, ikasleek prototipo hau aurkeztuko dabe. Honetan datza: putzutik ura atarateko bonba da, haize-energiaz bultzatuta (haize-errota eta Arkimedesen torlojua), ur hori eguzki-energiaz berotu egiten da, ur-lurruna sortzeko eta kondentsatutako ura ontzi baten batu eta ureztatzeko erabili ahal izateko.