Eleizbarrutian kurtsoari hasiera emoteko egiten dan ekitaldia, Euskadiko herririk entzutetsuenetako baten egingo da, 500 lagun inguru bertan dala. Lea-Artibaiko udalerriak, zesta-puntaren sorleku, Donejakue Bideko etapa garrantzitsu danak, erdi aroko gune historikoa dau eta zenbait eraikin esanguratsu be badau. Datorren zapatuko ekitaldi nagusia hartuko dauan Igokundeko Andra Mari eleiza da horreetako bat. Euskadiko eleizarik handienetakoa da.
Ekitaldi nagusia eleizan
Goizeko 10:30etan helduko dira autobusak eleizaren ondoan dagoan parkingera. Orduan, kafe bategaz egingo jako ondo etorria jenteari, Lapiko Catering, gizarteratze enpresaren eskutik, Lea-Artibai ikastetxea eskola tekniko kooperatiboko arkupeetan.
Goizeko 11:00etan emongo deutse hasiera ekitaldi nagusiari eleizan, Eleizbarrutiak dituen irratien zuzendari dan Javi Onaindiak eta Araitz Peña Mungiako Txispeleta eskaut taldekoak aurkeztuta. On Joseba Segura Bilboko gotzainak Eleizbarrutiaren lehentasun eta erronka nagusiak aurkeztuko ditu eta Juanjo Elezkano abade eta abeslariak kantatu egingo dau.
Ibilbideak udalerrian
Eleizako ekitaldia amaituta, ordu bata inguruan, partaideek udalerria ezagutu ahal izango dabe beren-beregi egun horretarako prestatu dian ibilbide gidatuen bidez. Arretxubagako ermita, karmeldarren eleiza eta Xemeingo eleiza bera -ekitaldi nagusia egingo da bertan- leku esanguratsuak dira eta hobeto ezagutzeko aukera izango da. Horreekaz batera, pilotaren unibertsitatea eta gune historikoa.
Jardunaldiari amaiera emoteko, hamaiketakoa egingo dabe Elizbarrutiko Ikastetxeak (EBI) sarean dagoan eta Berrizko Mesedetako Misiolariena dan Berakruz ikastolako jolastokian, 13:45etan. Ehun urtetik gora dituan ikastetxe honetan bere historiari buruzko erakusketa dago jarrita, hain zuzen be, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboak (AHEB-BEHA) mendeurrenerako prestatuta. Erakusketa hori eta ikastolaren ondoan dagoan Mesedetako Ama eleiza be -XVIII.ekoa- bisitatu ahal izango dira.
Caritasen eta parrokien aldeko eguna
Domekaz, urriak 1, Bizkaiko parrokia guztietan emongo jako hasiera kurtsoari, “Bagara. Comunidades acogedoras e inclusivas” goiburuaren haritik. Egun horretan eleizetan batu daiten dirua Caritas Bizkaia erakundearen eta parrokien esku itziko da.